365 Jazz Bilbao zikloak zazpi kontzertu eskainiko ditu aretoetan eta beste 16 hoteletan

Lizz Wright da ziklotik igaroko den artistetako bat
365 JAZZ BILBAO
Actualizado: miércoles, 23 enero 2013 14:30

BILBO, 23 Ene. (EUROPA PRESS) -

Bilbao 700 Fundazioak antolatzen duen 365 Jazz Bilbao zikloak konpromisoa hartu du beste urte batez urte guztian zehar jazzaren programazioa eskaintzeko Bizkaiko hiriburuan, eta horrela, zazpi kontzertu antolatu ditu areto eta antzokietan, eta beste 16 emanaldi hoteletan.

Zikloaren lehenengo kontzertua otsailaren 8an izango da, jazz frantsesaren hiru maisurekin: Romano, Sclavis eta Texier. Saioa 20:00etan hasiko da eta Guggenheim Bilbao Museoaren auditoriumean izango da, zikloaren antolatzaileek jakinarazi dutenez.

Ondoren, eta azarora arte luzatuko den egitarauan, nazioarteko jazz onenaren izen handiak izango dira Bilboko zenbait areto eta antzokitan, besteak beste, Lizz Wright, Ravi Coltrane, Tom Harrell, Cleveland Watkiss Quartet, Medeski, Martin & Wood eta Avishai Cohen.

Halaber, hoteletako egitarauan, Euskal Herriko eta Estatuko zenbait talde arituko dira, hala nola Joaquín Chacón Trío, Joshua Edelman Trío, Rocío Faks Quartet, Blas Fernández Project, Gonzalo Tejada Quartet edota Sacratif Trío.

Sarrerak aretoen leihatiletan eta BBK sarean erosi daitezke sei eurotan, aretoetako kontzertuetarako, eta hotelen kasuan ez da sarrerarik beharko, edariren bat kontsumitzeak kontzertuaz gozatzeko eskubidea emango baitu.