800dik gora profesional izan dira Jaurlaritzak Internet Egunaren harira antolatutako hitzaldietan

Europa Press País Vasco
Actualizado: jueves, 16 mayo 2013 20:30

BILBO 16 May. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak Internet Eguna ospatu du gaur 800dik gora profesional elkartu dituen "Internet 2013: ezagutzen zenuena historia da dagoeneko" hitzaldiekin. Astean zehar SPRIk hainbat ekitaldi antolatu ditu, Jaurlaritzak euskal enpresan Informazio eta Komunikazioen Teknologiak (IKT) aplikatu nahi dituela azaltzeko, lehiakortasuna eta bizi-kalitatea hobetzeko asmoz.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Teknologia Parkeetan eskainitako hitzaldietan, Javier Egiluzek eta Miguel Sanchezek sarearen etorkizunari buruz hitz egin dute. "Internet 2013: ezagutzen zenuena historia da dagoeneko" hitzaldian aukera eman zaie bertaratutakoei jakiteko zer den interneten une honetan gertatzen ari dena, zeintzuk diren abangoardiak sarean eta, batez ere, zein joera izango diren erabakigarriak etorkizun hurbilean.

SPRIko Berrikuntza, Teknologia eta Informazio Gizarteko zuzendari Aitor Cobanerak Bizkaiko Zientzia eta Teknologi Parkean eman duen irekiera hitzaldian azaldu du zein ildo finkatu dituen Euskadiko Agenda Digitalak IKTen baliabideak optimizatzeko, eta bide horretatik, enpresen lehiakortasuna eta hiritarren bizi-kalitatea hobetzeko.

Hain zuzen ere, hauek dira ildo horiek: gaikuntza teknologikoa bultzatzea, integrazioa eta gizarte-irisgarritasuna sustatzea pertsona eta erakunde guztientzat; azken belaunaldiko azpiegitura seguru, trabatu, irisgarri, eskuragarri eta ultrazkarren erabilgarritasuna eta elkarrekiko eraginkortasuna segurtatzea; eta, azkenik, konfiantza eta segurtasun digitala sustatzea.

2013ko Internet Egunaren harira, aste honetan publiko zabalari -teknologiei buruzko ezagutzak dituztenei eta ez dituztenei- zuzendutako makina bat ekitaldi antolatu dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, sarea eta bere aukerak hiritarren zerbitzura jartzeko.

Horrela, aipatzekoak dira "Erakarri trafiko kualifikatua zure enpresa-negoziora" izenburupean antolatu diren zazpi tailerrak, turismo sektoreari zuzendutako "Altxortik-Altxorraren bila" ekimena eta Betor jardunaldiak, euskal ekintzaileen esperientziak ezagutzera ematen dituztenak.

Contenido patrocinado