Abadiñoko Udalak argazki lehiaketa deitu du 2011ko egutegia irudiztatzeko

Europa Press País Vasco
Actualizado: viernes, 3 septiembre 2010 13:26

BILBO 3 Sep. (EUROPA PRESS) -

Abadiñoko Udalak (Bizkaia) herriko auzoei buruzko argazki lehiaketa digitala deitu du 2011ko egutegia osatzeko. Aurkezten diren irudiak Udaleko web-orrian erakutsiko dira, eta erabiltzaileek botoa eman ahal izango dute. Egutegia osatzeko, gehien bozkatu diren hamabi irudiak hautatuko dira.

Bozketa egin baino lehen, tokiko ordezkariek eta teknikariek osatutako epaimahaiak argazki onenak aurrez hautatuko dituzte, eta gero, herritarrek bozkatu ahal izango dituzte. Bozketa eta gero, epaimahaiak lehiaketako argazki onena hautatuko du aurkeztu diren obra guztien artetik, eta 300 euroko saria emango diote, Abadiñoko Udaleko iturriek gaur jakinarazi dutenez.

Udal egutegia irudiztatzeko Abadiñoko Udalak argazki lehiaketa antolatzen duen bigarren urtea da. Lehiaketaren helburua argazkigintzaren eta arte-sormenaren zaletasuna sustatzea da eta, aldi berean, herriko egutegian herritar guztiek parte hartzea, auzo ezberdinetako bat-bateko argazkiekin.

Lehiaketan parte hartzeko, erabiltzaile gisa izena eman beharko da Udaleko webgunean (www.abadiano.org). Parte-hartzaile bakoitzak lau obra aurkeztu ditzake, asko jota, eta Udaleko webgunearen bidez bidali beharko ditu, irailaren 30era arte. Argazkiek gutxienez bi megapixeletako bereizmena izan beharko dute, eta jpg formatuan aurkeztu beharko dira, bost megatik beherako artxiboetan.

Aurkezten diren argazkiak Udaleko web-orrian erakutsiko dira, urriaren 18tik azaroaren 15era arte, eta publikoak bozkatu ahal izango ditu. Hautatzen diren hamabi argazkiekin Abadiñoko Udalak egutegia argitaratuko du eta udalerrian banatuko.

Contenido patrocinado