Abadiñon (Bizkaia) izandako auto istripuak %55 jaitsi dira azken hamarkadan

Actualizado: lunes, 6 junio 2011 16:07

BILBO, 6 Jun. (EUROPA PRESS) -

Abadiñoko Udalak (Bizkaia) egiaztatu du azken hamarkadan herrian gertatu diren auto istripuak %55,56 jaitsi direla, 2000. urtean 126 istripu izatetik 2010ean 56 istripu izatera pasa baita. Abadiñoko jarduneko alkate Jose Luis Navarrok esan du aldaketa etengabekoa izan dela eta urtetik urtera istripu kopurua jaitsi egin dela herriguneko nahiz kanpoko errepideetan.

Azken hamar urteetan Ertzaintzak eta Abadiñoko Udaltzaingoak udalerrian egindako istripuen balantzeak 974 auto istripu erregistratu ditu guztira: 456 zauri arinekin, 64 zauri larriekin eta bederatzi hildakorekin. Istripuen kopurua murriztu denez, zaurituen kopuruak ere behera egin du, eta 2000n 50 zauritu arin eta lau zauritu larri erregistratu baziren, 2010ean 24 eta 4 erregistratu ziren, hurrenez hurren.

Abadiñoko karduneko alkateak gogoratu du istripu horietan izandako hildakoetatik lau oinezkoak zirela. Halaber, hamar oinezko larri zauritu ziren autoek harrapatu ondoren, eta beste 23 oinezkok zauri arinak jasan zituzten.

Jose Luis Navarrok adierazi du gaur egungo Abadiñoko Independenteak gobernu taldeak "aparteko ahaleginak" egin dituela istripuen kopurua gutxitzeko eta kaleetako bide-segurtasuna hobetzeko, 2007an alkatetza lortu zuenetik.

"Kamioiak Matienatik pasatzea debekatu dugu, eta trafikoa moteltzeko jarduerak burutu ditugu, hain zuzen, semaforo berriak jarri ditugu eta elizaren eta Eroski hipermerkatuaren alboan bi errotonda egin ditugu. Herritarren kontzientziazioa areagotu da gainera", esan du.

Edonola ere, Abadiñoko Udalak hirigintza jarduera gehiago sustatuko dituela ziurtatu du, bideetako segurtasuna hobetze aldera. "Istripu kopurua nabarmen murriztu da udalerrian, baina lanean jarraitu behar dugu; izan ere, arlo horretan egindako lan guztiak ordainezineko onurak baitakarzkio herriari. Halaber, herritarrek ulertu behar dute abiadura errespetatzea eta zuhurtziaz gidatzea funtsezkoak direla", gaineratu du.