Abenduan Bilbon gertaturiko sexu eraso baten ustezko egilea atxilotu dute Beasainen

Actualizado: martes, 3 enero 2017 13:07

BILBO, 3 (EUROPA PRESS)

Ertzaintzaren agenteek 21 urteko gizonezko bat atxilotu zuten astelehenean Beasainen (Gipuzkoa), abenduaren 6ko goizaldean Bilbon gertaturiko sexu eraso baten egilea delakoan, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.

Erasoaren biktima 19 urteko emakume bat zen, eta berak salatu zuen erasoa Ertzaintzan, ospitaletik igaro ondoren. Dirudienez, lagun batzurekin igaro zuen gaua Indautxuko lokal eta diskotekatan, Bilbon, eta lokaletako batean ustezko erasotzailearekin topo egin zuen.

Abenduaren 6ko goizeko 08:30 aldera Kasilda Iturrizar parkeko lorategi batean esnatu zen, Zubiartetik hurbil. Bere ondoan gizon bat zegoen, eta berarekin alde egin zuen handik, pixka bat geroago bananduz. Biktimak ez zuen gertatutakoa gogoratzen, baina auzitegiko medikuak esandakoaren arabera, sexu eraso baten seinaleak zituen.

Ertzaintzak ikerketa abiarazi eta ustezko erasotzailea identifikatu zuen, eta azkenean, astelehenean Beasainen atxilotu zuen. Tolosako guardiako epaitegiaren baimenarekin, atxilotua Bilboko ertzain etxera eraman zuten, dagokion epaitegira eramateko zain.