Abiatu sistema Portugalgo errepideetan ordaintzeko erabil daiteke

Actualizado: miércoles, 5 agosto 2015 13:29

DONOSTIA, 5 (EUROPA PRESS)

   Bidegi Gipuzkoako Azpiegituren Agentziak jakinarazi du Abiatu gailua Portugalgo autobide eta autobiak osatzen duten bide berdearen sarean ere erabilgarri dagoela. Abiatuk 64.000 erabiltzaile gipuzkoar ditu eta, aurrerantzean, erabiltzaile horiek guztiek Portugalgo autobide eta autobia sarean ere erabili ahal izango dute gailua, tokian tokiko tarifa edo prezioa aplikatuz.

   Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi duenez, orain arte, Abiatu gailuaren erabiltzaileek Euskal Herri osoko ordainlekuetan erabili ahal izan dute aparatua; baita espainiar estatuko autobide sarean eta Frantzian ASFk (Autoroutes du Sud de la France) kudeatutako A-63 (Côte Basque) eta A-64 (la Pyrénéenne) autobideetan ere. Ordainketa sistema  hau erabili daiteke baita Donostiako Kontxako eta Katalunia Plazako aparkalekuetan ere.

   Frantziako autobideen kasuan, A-63 autobidean Abiatu gailuarekin ordaindu daiteke Bordelera bidean, 9. irteera arte (St. Geours de Maremne), eta,  A-64 autobidean berriz, Tolosako noranzkoan, ordainketa sistema baliogarria da  22. irteeraraino, Martres Tolosaneko irteeraraino, hain zuzen ere. Frantziako ASFrekin hitzarmena 2007. urtean sartu zen indarrean, eta mugaz bestalde egindako lehen teleordainketako akordioa izan zen.

   Abiatu gailua erabiltzen dutenei Bidegik gogorarazi nahi die Gipuzkoako  mugetatik kanpo sistema honekin ordaindu arren, tokian tokiko tarifa edo prezioa aplikatuko zaiela. Izan ere, deskontuak Gipuzkoako lurraldera mugatzen dira.