Achucarro Basque Center for Neuroscience ikerguneak instalazio berriak inauguratu ditu

Achucarro ikergunearen instalazio berriak
ACHUCARRO
Actualizado: miércoles, 21 junio 2017 10:56

BILBO, 21 (EUROPA PRESS)

Achucarro Basque Center for Neuroscience neurozientzietako oinarrizko ikerguneko instalazio berriak inauguratu dituzte asteazken honetan Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Zientzia Parkearen egoitza nagusian, Leioan, Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria buru izan duen ekitaldian.

Cristina Uriarte Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak, Nekane Balluerka EHUko errektoreak, Mª Carmen Urbieta Leioako alkateak eta Itziar Epalza Euskadiko Zientzia eta Teknologia Parkeen zuzendari nagusiak ere parte hartu dute ekitaldian, besteak beste.

Achucarro ikerguneko zuzendari zientifiko eta EHUko Neurozientziak Saileko Carlos Matute irakasle katedradunak gidatu du ekitaldia. Berak aurkeztu dizkie parte hartzaileei zentroak Euskadiko unibertsitateko kideei zein ikertzaileei eskaintzen dizkien instalazio eta ikerketa baliabide berriak.

Ikergunearen instalazio berriak EHUko Zientzia Parkearen egoitza nagusiko hirugarren solairuan daude, Leioako unibertsitate campusaren alboan. 2.000 metro koadro inguruko azalera eraikia dauka ikerguneak, eta bertan daude orain Achucarrok dituen hamar taldeetatik bederatzirentzako ikerketa laborategiak; bestea Medikuntza eta Erizaintza Fakultatean dago.

Zamudion dagoen Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean aldi baterako izandako aurretiko kokagunetik kokagune berrira lekualdatu diren instalazio eta ekipoen artean, mikroskopia aurreratuko unitateak (STED super bereizmeneko mikroskopio bereziarekin eta bi fotoiko mikroskopio berriarekin), analisi zelularreko unitatea, proteomikako unitatea, zelula hazkuntzarako bi laborategi, perfusio gela, kirurgia gela edo izozkailuak nabarmentzen dira.

Carlos Matute ikergunearen zuzendari zientifikoaren hitzetan, "unibertsitateko campusera lekualdatuta, 2014-2017ko Plan Estrategikoaren eragikera zedarri nagusia osatu dugu. Aurrerantzean, abangoardiako instalazioak izango ditugu, sortzen zaizkigun erronka handiei heldu ahal izateko, eta mundu osoan zinez berezia den ikerketa proiektu hau egonkortu ahal izateko".

80 LANGILE

Ikertzaileak eta kudeaketaren arloko langileak zenbatuta, Achucarro ikergunean 80 pertsonak dihardute lanean gaur egun. Horietako 60k (%75) egunero egiten dute lan egoitza berrian. Gainerakoek, berriz, taldeek Medikuntza eta Erizaintza Fakultatean dituzten laborategietan dihardute, unibertsitateko campusean.

Instalazio berrietara lekualdatu aurretik, ikerguneko langileak lau gunetan banatuta zeuden, Zamudio eta Leioa artean. Guztiak Zientzia Parkean metatuta, aldiz, Achucarrok "asko irabazi du" eraginkortasunaren alorrean, bai eta pertsona zein baliabide berriak erakartzeko gaitasunean ere, ikergunea oraindik ere nazioarteko hedapena duten ikertzaile berriak erakartzeko prozesuan murgilduta baitago. Aurreikuspenen arabera, 2021ean izango du ikerguneak bere hazkunde fase egonkorrena, eta 100dik gora pertsonako langile taldea izango du.

Arduradunen esanetan, Leioako Zientzia Parkean kokatu ahal izan bada, hain justu, Achucarroko Patronatuak 1,5 milioi euro inguruko inbertsioa onartu duelako eta higiezinaren jabea den Teknologia Parkea S.A. elkarte publikoak laguntza eman duelako izan da, proiektuak aurrera egin dezan beharrezko erraztasun guztiak eman baititu.