Adegik IMQrekin duen lankidetza hitzarmena berritu du, enpresa bazkideek aseguru medikoan onura esklusiboak izateko

Javier Aguirregabiria (ezkerrean) eta Jose Miguel Ayerza
ADEGI/IMQ
Actualizado: viernes, 11 marzo 2016 13:45

DONOSTIA, 11 (EUROPA PRESS)

   Adegi patronaleko idazkari nagusi Jose Miguel Ayerzak eta Igualatorio Médico Quirúrgico (IMQ) erakundeko zuzendariorde nagusi Javier Aguirregabiriak bi erakundeen arteko lankidetza hitzarmena berritu dute ostiral honetan, Adegiren egoitzan, Donostian. Hitzarmena 2014tik dago indarrean eta ahalbidetzen du Adegiko kide diren enpresen langileek eta familiakoek abantailazko baldintzetan kontratatzea IMQren aseguru medikoa.

   Modu honetan, "IMQ Adegi Empresas" aseguruak osasun estaldura osoa bermatuko die onuradunei. Horren barne daude, besteak beste, oinarrizko medikuntza, larrialdiak eta anbulantzia zerbitzuak, espezialitate mediko kirurgiko guztiak, proba diagnostikoak eta tratamenduak, goi kirurgia espezializatua, haurdunaldia eta erditzea, familia plangintza, ospitaleratzeak eta psikoterapia. "IMQ Azul" aseguru modalitateaz gain, eta berritasun bezala, "IMQ Activa" modalitatea ere eskainiko da, publiko gazteenarentzat pentsatuta dagoena.

   Hitzarmenari esker, Adegiren kide diren enpresen langileek itxaron gabe erabili ahal izango dute zerbitzu multzo hori, ordutegi zabalarekin eta aukeratzeko askatasun osoz. Hori guztia osatzeko, mediku talde handia izango dute Euskadin eta izen handiko zentroak estatu mailan.

   Halaber, IMQk Euskadiko klinika pribatu nagusiak eta zentro propioen sare zabalena eskaintzen du, hauen artean IMQ Zurriola Hortz Klinika. Zentroak otsailean ireki zituen ateak Gros auzoan eta euskal aseguratzailearen sarera gehitzen azkena izan da.