Adingabeei egindako sexu abusuak aztergai Parez Pare 2016 jardunaldian, ostegunean Arkautin

Aurreko Parez Pare jardunaldi bat
IREKIA
Actualizado: miércoles, 28 septiembre 2016 12:26

GASTEIZ, 28 (EUROPA PRESS)

Parez Pare 2016 jardunaldi berri bat egingo da Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian, Arkautin, ostegun honetan, irailaren 29an, eta adin txikikoei egindako sexu abusuak izango dira hizpide diziplina anitzetatik. Sexu abusu horiek antzematean eta prebentzioan aurrera egitea eta, hori ezinezkoa denean, tratu txar horiei aurre egiteko tresna eraginkorragoak eskaintzea izango da topaketaren helburu nagusia.

Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez, adingabeei egindako sexu abusua askotariko ekintzak biltzen dituen tratu txar modu bat da. "Zoritxarreko errealitatea da herrialde eta gizarte talde guztietan, eta gizartean alarma eta gaitzespen handia eragiten du", nabarmendu du.

Sexu indarkeriak askotariko ondorioak eragin ditzake -fisikoak, psikologikoak eta sozialak-, eta ondorio horiek larriak dira epe laburrean zein luzean, zuzenean biktima diren neska-mutilentzat ez ezik, haien familiakoentzat eta erkidegoentzat ere. "Argi dago fenomeno horrek zeharkako biktimizazioa ere eragiten duela", ohartarazi du Jaurlaritzak.

Horrela, eta arazo hori hainbat ikuspegitik aztertzeko asmoz, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak jardunaldia antolatu du Arkautin ostegun honetan, Kriminologiaren Euskal Institutuarekin elkarlanean. Jardunaldian bi mahai inguru egingo dira.

Lehen mahai inguruan aztertuko da haurrei egindako sexu abusua ikuspegi juridikotik, penaletik, kriminologikotik eta biktimologikotik. Josep M. Tamarit Kataluniako Universitat Oberta unibertsitateko Kriminologia programako zuzendari eta Zuzenbide Penaleko katedradunak eta Gema Varona Euskal Biktimologia Sozietateko presidenteak eta ikertzaileak parte hartuko dute.

Bigarren mahai inguruan hitz egingo da adin txikikoei egindako sexu abusuak antzemateari eta prebenitzeari eta biktimei eman beharreko arretari buruz. Mahai inguru horretan parte hartuko dute Enrique Echebrúa EHUko Psikologia Klinikoko katedradunak eta Cristina Guerricaechevarria Psikologia Klinikoan eta Familia eta Sexu Indarkeriaren Tratamendu Psikologikoan adituak.