"Adingabeekin diharduten kirol erakundeetan teknologia digitalak arduraz erabiltzeko gida" sortu dute

Eskola umeak eta entrenatzaile bat
Europa Press
Actualizado: jueves, 18 mayo 2017 13:46

BILBO, 18 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzak, Jarduera Fisiko eta Kirol Zuzendaritzaren eta Familia Politikako eta Aniztasuneko Zuzendaritzaren bitartez, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek "Adingabeekin diharduten kirol erakundeetan teknologia digitalak arduraz erabiltzeko gida" landu dute. Gida lau informazio saiotan aurkeztuko da, maiatzaren 22, 23, 24 eta 25ean, Gernikan, Donostian, Gasteizen eta Bilbon, hurrenez hurren.

Proiektuaren helburua da klubek edo ikastetxeek entrenatzaileei eta arduradunei tresna bat eskaintzea, entrenatzen dituzten edo erakundeko kide diren haurrekin eta nerabeekin gailu mugikorren edo sare sozialen bidez nola komunikatu behar duten jakin dezaten.

Gidaren arduradunek adierazi dutenez, kirol munduak ere zerikusia du gizartearen errealitatearekin, kontuan izanik, gaur egun, WhatsApp, Instagram, Facebook edo Snapchat bezalako tresna digitalak gero eta gehiago erabiltzen dituztela kirol eremuko pertsonek eta taldeek ere. Beste onura batzuen artean, entrenatzaileei euren kirolariekiko komunikazioa eta koordinazioa errazten dieten sare sozialak dira.

Dena den, baliabide edo sare sozial horiek arduraz erabiltzen ez badira "arriskuak edo ondorio negatiboak" izan daitezke, are gehiago adingabeak tartean daudenean. Hala, tresna horien erabileran gerta daitezke kideekiko, aurkariekiko edota arbitroekiko errespetu falta edo mehatxuak, kideekiko erasoa (ciberbullying), berdintasunezkoak ez diren jarrerak (sexistak, arrazistak, xenofoboak eta abar), irudi konprometituen hedapena eta sexu jokabide desegokiak, helduok zuzendu edo saihestu behar dituztenak.

"AITZINDARIA"

Gida "aitzindaria" da kirol eremuan eta bere asmoa da baliabide bat izatea teknologia digital berrien ardurazko erabilera ezagutzera emateko eta errazteko, baita helburu horretan kirol erakundeak sentsibilizatu eta inplikatzeko ere. "Erakundeek, errealitate berri honen aurrean izan behar dugun jardunbideari buruzko informaziorik ezaren aurrean, esparru etiko bat eskaintzen diete adingabeekin diharduten kirol erakundeei, eta jardun egoki batzuk proposatzen dituzte, kirol eremuan teknologia digitalen erabilera zuzena bultzatzearren", adierazi dute.

Gainera, entrenatzaileek kirolariekin itun digital bat sinatu dezaten proposatzen du gidak. "Irtenbidea, erabilera debekatu baino gehiago, behar bezala bideratzean datza", gidaren arabera.

"Adingabeek eskubidea dute informazio egokia bilatzeko, jasotzeko eta erabiltzeko euren garapenerako, eta arreta berezia jarri beharra dago teknologia digitaletako eta hedabideetako alfabetatzean. Etapa ebolutibo bakoitzak jarraipena eta monitoretza eskatzen ditu adingabeei segurtasunez eta erantzukizunez jardutea ahalbidetzeko", dio gidak.