Administrazioan toponimia nola erabili behar den aztertuko da Burlatan, datorren asteartean

Actualizado: viernes, 3 febrero 2017 12:20

BILBO, 3 (EUROPA PRESS)

Administrazioan toponimia nola erabili behar den aztertzeko jardunaldia egingo da da Burlatako Iturrondo eraikinean, datorren asteartean, otsailaren 7an. Euskarabidea Euskararen Nafar Institutuaren eta Euskaltzaindiaren eskutik egingo den bosgarren jarduna izango da, eta Patxi Salaberri, Idoia Zabaltza, Mikel Gorrotxategi, Felix Mugurutza eta Patxo Galek parte hartuko dute.

Euskaltzaindiaren iturriek jakinarazi dutenez, ikastaroa goizeko 09:00etan hasi eta arratsaldeko 14:00etan bukatuko da, eta euskara, hirigintza eta kultura alorreko teknikariei zuzenduta dago. "Helburua euskara teknikariek eta hizkuntzaren bestelako erabiltzaileek eguneroko jardunean dituzten arazoetan laguntzea da", Patxi Salaberri euskaltzain eta Onomastika alorreko buruak azaldu duenez.

Halaber, Burlatan jorratuko diren gaiak ere aletu ditu euskaltzainak. Horrela, alde batetik, toponimiaren eta, oro har, onomastikaren arautzeak euskararen normalizazioan duen munta nabarmenduko dute ikastaroan, eta toponimiaren ikerketaren zergatia azaleratzea eta toponimia ikerketa batek egin behar dituen urratsak zein diren ere zehaztuko da.

Horrekin batera, toponimiak gizartean eta administrazioan duen eta izan behar duen rola agertuko dute, kale izenak bataiatzeko tenorean ibiltzen diren irizpideak erakutsi, eta, azkenik, onomastikan erabiltzen diren irizpide horiek zergatik diren nahitaezko eta zertarako behar diren azalduko dute.