Adur Larreak Arestiren "alderdi humanoa" islatu du "Gabriel Aresti BioGrafikoa" eleberri grafikoan

Monasterio eta Larrea, lanaren aurkezpenean
GABRIEL ARESTI KULTURA ELKARTEA
Actualizado: jueves, 19 noviembre 2015 16:43

BILBO, 19 (EUROPA PRESS)

   Adur Larrea marrazkilari eta komigileak Gabriel Aresti idazle bilbotarraren bizitza komikira eraman du "Gabriel Aresti BioGrafikoa" eleberri grafikoan, eta Arestiren "alderdi humanoa" islatu nahi izan du, ostegun honetan Bilbon egindako aurkezpenean adierazi duenez.

   Erroa argitaletxeak plazaratu du Gabriel Aresti Kultura Elkartearen ekimena eta euskaraz genero honetan aitzindaria den lana. Egileak Gabriel Arestiren familiaren laguntza eta aholkularitza izan du eleberri grafikoa egiteko. Aurkezpenean Xabier Monasterio Gabriel Aresti Kultura Elkartearen ordezkaria ere izan da.

   Idazlearen "alderdi humanoa" islatzen ahalegindu da Larrea lan honetan, izan ere, "biografia zehatz eta mardul asko egin dira bere ekarpen intelektualetan zentratuta, literaturan edo euskararen inguruko lanetan, baina hemen pertsona eta bere bizitza izan da aztergai nagusia". Horretarako, Aresti familiak emandako laguntza "funtsezkoa" izan dela adierazi du, "idazleak bizi izandakoak kontatuz eta material grafiko ugari helaraziz".

   Urtebeteko lanaren emaitza da eta erronka handia izan da Larrearentzat, dokumentazio lan handia egin behar izan baitu, marrazteari ekin orduko. Frankismo garaiko giro sozial eta politikoaz gain, lekuak eta jendeak nolakoak ziren ahalik eta fideltasun gehienarekin islatzea izan da Larrearen helburua.

   Egileak kontatu duenez, "non sartzen nintzen ez nekiela, aparteko ezagutzarik gabe" hasi zen informazioa biltzen, familiarekin lehenago edo geroago egon beharko zuela jakinik. "Horregatik hasi nintzen bibliografia irakurtzen baina ikusi nuen sekula ez nuela bukatuko, horregatik utzi nion irakurtzeari eta familiarekin hitz egitea erabaki nuen", azaldu du.

   Aresti familiarekin emandako orduei esker, ordea, literarioaz haratago "alderdi humanoa" deskubritu zuenean komikirako aproposagoa izango zela pentsatu zuen.

   Arestiri gertatutako pasadizo pertsonalak eta gertaera historikoak ageri dira liburuan, baina idazlearen iritzi eta barne gogoeta zenbait asmatu ditu Larreak, pertsonaia gertaerotan kokatzeko eta bere pentsamenduaren erretratua osatzeko.

HIZKUNTZA

   Hizkuntzaren hautaketa ere garaia eta giroa hobeto islatzeko erabili du Larreak. Hala, euskarazko liburua izanik ere, pasarte batzuetan pertsonaiak gazteleraz ageri dira, garaiko hizkuntzen arteko egoera hobeto islatzeko eta idazlearen euskararekiko harremana gazteleratik abiatu zelako.

   Bilboko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Laboral Kutxak lagundu dute ekonomikoki edizio hau eta Gabriel Aresti kultura elkarteak bultzatutako hirugarren argitalpena da, 2013an sortu zenetik: lehenengoa "Gabrielen LEKUA" izeneko ikuskizunarekin batera argitaratutako disko-liburua izan zen, eta bigarrena iaz Euskaltzaindiak argitaratutako "Harri eta Herri" lanaren edizio berezia, jatorrizkoa argitaratu zeneko 50. urteurrenaren harira, liburuaren edizio eleanitzarekin batera hainbat idazleren artikuluak zekartzana.

   Liburuak 100 orrialde ditu eta 20 euroan salduko da dendetan. Ostiraletik aurrera Getxoko XIV. Komiki Azokan izango da, igandera bitartean Areetan egingo dena, Xabiroiren standean. Abenduaren 4tik 8ra Durangoko Azokan egongo da salgai eta bertako Ahotsenean aurkeztuko da, abenduaren 7an.