AEK-k aurrez aurreko eskolak eta autoikaskuntza uztartzen dituen ikastaroa emango du Bilbon eta Oarsoaldean

Actualizado: jueves, 15 octubre 2015 13:53

BILBO, 15 (EUROPA PRESS)

   AEK-k ikastaro berritzailea jarriko du abian Bilbon eta Oarsoaldean, aurrez aurreko eskolak eta bakarkako lan tutorizatua uztartzen dituena, hain zuzen ere. Era berean, ikasleek hilero tutoretza saio bana izango dute, hilabetean antzemandako hutsuneak partekatu eta hobetzeko aholkuak jasotzeko. Ikastaroa A2 eta B1 mailetan ari diren ikasleei zuzenduta dago, eta urriaren 20an hasi eta ekainaren 16an bukatuko. Izena emateko azken eguna ostirala, urriaren 16a, da.

   AEK-k prentsa ohar bidez jakinarazi duenez, Eusko Jaurlaritzak euskara ikasteko beste eredu bat arautu du, jardun bikoa, alegia, eta, hori dela eta, ikastaro berria abiarazi du. Euskalduntze ikastaroa izango da, A2 eta B1 mailetan ikasten ari direnei zuzenduta. Saioak taldean egingo dira, aurrez aurreko eskoletan: 120 ordu, astean bi orduko bi saio. Bakarkako lanak, aldiz, 80 ordu izango ditu.

   Ikastaroaren programazioak bi ereduak hartuko ditu kontuan: aurrez aurreko eskolak eta nork bere kasa egin beharrekoak, elkarren osagarri. Irakasleak ikastaroaren edukiak antolatuko ditu, eta argi utziko du zer den bakarka lan egitekoa, zer izango den talde lana eta abar.

   "Euskara ikasteko eredu berria da: euskaltegiko eskolak eta nork bere kabuz egin beharrekoak guztiz uztartzen ditu: aurrez aurreko eskola eta bakarkako lan tutorizatua, elkarren osagarri, hain zuzen ere", azaldu dute AEK-ko arduradunek.

   Era berean, hilero tutoretza saio bana eskainiko zaie ikasleei. Saioetan, hilabetean atzemandako hutsuneak partekatu eta hobetzeko aholkuak emango zaizkie, eta, beharrezkotzat joz gero, programazio orokorretik haragoko baliabideak ere eskainiko zaizkie. Hamar tutoretza saio izango diar orotara.

   Informazio gehiago eta izen emateak Oarsoaldeko AEKn (607 569 200 - 943 340 233 eta orereta@aek.eus) eta Bilboko AEKn (673 200 100 - 946 464 000 eta bilbo@aek.eus) jaso eta egin daitezke.