AEK-k udako matrikulazio kanpaina jarri du martxan, "Udan ere eman euskara elkarri" goiburupean

Europa Press País Vasco
Actualizado: martes, 21 mayo 2013 18:50

BILBO 21 May. (EUROPA PRESS) -

Ikasturtearen amaiera hurbildu ahala, AEK-k udako kanpaina jarri du martxan euskaltegietan (ikastaro trinkoak), barnetegietan ere gauzatuko dena. "Udan ere eman euskara elkarri" da udako matrikulazio kanpainaren goiburua, Korrika 18k erabili zuen bera (Eman euskara elkarri).

AEK-ko arduradunek adierazi dutenez, euskararen aldeko lasterketan "euskarak euskal herritarrok elkarrekin bizitzeko hizkuntza izan behar duela aldarrikatu genuen", baina elkar entzuteko eta ulertzeko, "Eman euskara elkarri" egunerokoa bihurtu nahi izan du AEK-k.

Horrela, udan ere, ez dakienak euskara ikasteko aukera izango du, dakienak ikasi nahi duenari irakastekoa, edota ulertzen duenak hitz egiten duenari erabiltzeko aukera emango dio. Modu honetan, AEK-k udan euskara ikasiz eta praktikatuz gozatzeko gonbidapena egin die herritar guztiei.

Izan ere, udaran euskara ikasteko aukerak ugaritu egiten dira, eta horren isla dira hiru hilabetean zehar burutuko diren era guztietako ikastaro eta barnetegiak. Euskaltegietan, ohi bezala, hiru, lau eta bost orduko euskalduntze ikastaro trinkoak eta B1, B2 eta C1/EGA mailak egiaztatzeko azterketa prestatzeko ikastaroak eskaniko ditu AEK-k. Bestalde, irailean, C2 (4. maila) eta euskara irakasle izateko glotodidaktika ikastaroak on line egiteko aukera ere izango da AEKn.

Hala ere, udan ikasleengan zerbait ezberdina eta "opor usainekoa" egiteko gogoa nagusitzen da, eta hori horrela izanik, barnetegi mota ezberdinak antolatu ditu AEK-k Ipar zein Hego Euskal Herrian.

Euskalduntze barnetegiak ikasteko beste modu bat dira, egunean 6-7 orduko eskolez gain, txangoak eta tailerrak egiten direlako. Gainera, euskaraz bizitzeko eta lagun berriak egiteko aukera ematen dute. Azterketak prestatzeko barnetegiak (B1, B2 eta C1/EGA mailak egiaztatzeko azterketak prestatzeko barnetegiak), ordea, edukiei dagokienez bereziak direnez, azterketak prestatzera bideratzen dira beren-beregi.

Bestalde, familientzako barnetegiak aukera paregabea dira kide guztiak ia euskaldun osoak diren -edo euskalduntzeko bidean dauden- familietan euskaraz komunikatzeko ohitura sendotzeko. Goizean, gurasoak eskolan dauden bitartean, haurrak ere euskaraz aritzen dira jolasean, begiraleen zaintzapean, eta arratsaldean, denek batera, ikasitakoa praktikan jartzen dute.

Naturarekin harreman estuan egiten diren barnetegiak ere badira: barnetegi ibiltariak, oinez eta bizikletaz. Hauetan ez dago eskola ordurik, batez ere, mintzapraktikara bideratuta daudelako, baina arduradunak irakasleak dira eta beti egoten dira prest edozein zalantza argitzeko. Oinezkoa ekainaren 29tik uztailaren 14ra izango da (Pagomakurretik -Gorbeialdea- Izabara), eta bizikletaz, berriz, abuztuaren 3tik 18ra, Urduñatik Zarautzera.

JARDUERA BARNETEGIA

Uda honetan, jarduera barnetegia ere aurkeztuko du AEK-k. Barnetegi honek badu berezitasun bat: eskolak goizean bakarrik ematen dira, eta jarduera eta tailer ezberdinak arratsaldean, euskara ikasteaz gain, gustuko beste arlo batzuk ere lantzeko: sukaldaritza, bertsolaritza, antzerkia, dantza, kirola eta abar.

Gainera, euskalkiren bat ezagutu nahi izatekotan, xiberera ikastaroa dago aukeran, maila guztietako ikasleei zuzendua. Uztailaren 29tik abuztuaren 4ra eskainiko da, Mendikotan.

Matrikulatzeko epea barnetegia hasi baino 11 egun lehenago bukatzen da. Informazio gehiago eskuratzeko edota izena emateko, 902 36 22 94 telefono zenbakira deitu, edozein AEK euskaltegira jo edo udabarnetegiak@aek.org helbidera idatzi daiteke.

Bestalde, 2013/14 ikasturterako eskaintza berezia jarri du abian AEK-k. Horrela, bere euskaltegietan euskara ikasten jarraitu edo euskara ikasten hasi nahi dutenek zenbait abantaila izango dituzte ekainaren 21a baino lehen matrikulatzen badira, hain zuzen, %5eko deskontua ikasturteko matrikularen prezioan; ordainketa malguagoa, epe bat gehituta ohiko ordainketa epeei; eta lehentasuna taldeak eratzeko orduan.

Aurrematrikula eginez gero, ekarpen hau egin beharko dute ikasleek:

120 euro (240 ordutik gorako ikastaroetan) edo 100 euro (240 ordu-120 ordu bitarteko ikastaroetan). Aurrematrikularen %100 itzuliko zaie izena ematen dutenei irailaren 27a baino lehen jakinarazten badute, eta irailaren 28tik aurrera, matrikula-itzulketen ohiko baldintzak aplikatuko dira.

Contenido patrocinado