Agente propioak izango ditu Eusko Jaurlaritzak lehentasunezko turismo merkatuetan

Bere turismo lehentasunak aurkeztu ditu Jaurlaritzak
Foto: IREKIA
Actualizado: lunes, 9 febrero 2015 16:50
av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

GASTEIZ, 9 (EUROPA PRESS)

   Eusko Jaurlaritzak agente espezializatu propioak izango ditu lehentasunezkotzat jotzen dituen turismo merkatuetan, Euskadi eta bertako produktuak sustatzeko asmoz, Lakuako Gobernuko turismoko arduradunek azaldu dutenez.

   Izan ere, Merkataritza eta Turismoko sailburuorde Itziar Epalzak, Turismoko zuzendari Mertxe Garmendiak eta Basquetour Turismoaren Euskal Agentziako zuzendari Arantza Madariagak, 2015eko Turismo Plan Operatiboa aurkeztu diote astelehen honetan Gasteizen Euskadiko Turismo Helmugen Batzordeari. Halaber, lan jardunaldian, turismoko eskualde erakunde, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundi eta Bilbo, Donostia eta Gasteizko ordezkariek ere parte hartu dute.

   Eusko Jaurlaritzak aurten turismo sustapenean zer lehentasun izango dituen azaldu du Epalzak, eta, hasteko, lehentasunezko merkatuetan agente espezializatu propioak egongo direla nabarmendu du, hots, "Euskadi saltzeko zuzenean prestatutako ordezkariak" egongo dira lehentasunezko merkatuetan (Alemania, Frantzia, Ingalaterra, Madril eta Katalunia). Gaur egun Jaurlaritzak eta SPRIk dituzten kanpoko ordezkaritzez gain (zeregin horretan ari dira jada), AEBetan eta Beneluxen ere egongo dira agenteak, besteak beste.

   Horiek izango dira Lakuako Gobernuaren merkatu horietako "ordezkariak". Bertako turismo adituak izango dira, merkatua zein bere aukerak ezagutzen dituztenak, eta merkataritzako eta harreman publikoetako lanak egingo dituzte eta Euskadi-Basque Countryren "begiak eta ahotsa" izango dira merkatu horietan.

   Eusko Jaurlaritzak, agente horiekin batera, estrategia batzuk lehenetsiko ditu. Horrela, agerpen handiagoa sustatuko dute lehentasunezko eskari segmentuetan eta produktu marketineko ekintza gehiago egingo dituzte. Gehiago landuko dute turismo produktu espezifikoaren sustapena, alegia, gastronomia, surf, natura, touring, kultur turismoa, senior turismoa edo premium turismoa, beti helmugari lotuta. "Segmentazio horri esker errazago iritsiko gara garatutako produktu bakoitzak helburu duen publikoarengana. Euskadi lehiakorra da horretan", azaldu du.

   Halaber, sustapen ekintzetan segmentazio soziodemografikoa ere gehituko da: familia, 50+ eta 18-29 urte arteko gazteak. Profil horientzat dagoen eskaintza espezifikoaren inbentarioa egingo da eta haientzat bereziki diseinatutako komunikazio euskarriak eta sustapen ekintzak garatuko dira (gehienbat 50+ eta gazteen segmentuentzat).

   Gainera, Euskadi helmuga gisa sustatzeko ekintzak landuko dira prentsarentzat, trade delakoentzat (RACC bezalako elkarteen tankerako bitartekariak, bidaia agenteak eta antolatzaileak) eta azken hartzaileentzat.

TURISMO AZOKAK

   Bestalde, Eusko Jaurlaritzak nazioarteko turismo azoka nagusietan parte hartzen jarraituko du (FITUR, ITB Berlin, Mahana Toulouse, WTM Londres), eta agerpen handiagoa izango du beste batzuetan, hala nola MICEko EIBTMn edo Bordeleko VINEXPOn.

   Euskadi/Euskal Kostaldea Parisen aurkeztea aurreikusita dago, eta Buy Euskadi ekitaldi azoka lehen aldiz egingo da nazioarteko bidaia agentzia eta antolatzaile nagusiak etor daitezen. Euskadi Basque Country marka, orobat, Euskal Autonomia Erkidegoko hiru jazzaldietan edota Donostia Zinemaldian ere bultzatuko da, besteak beste.

4,5 MILIOI EURO

   Lan horretara guztira 4,5 milioi eurotik gora bideratuko dira, eta horri, Euskadi Turismoaren web atari berria ere gehitu behar zaio. www.turismoeuskadi.eus webgunearen irudi berriak 2020rako Turismoaren Plan Estrategikoan jarritako helburuei erantzuten die, eta "funtsezko sustapen tresna bat" da Euskadiko turismoaren irudia eta egoera hobetzeko.

   Udarako egongo da abian bertsio berria, hala ordenagailu eta tabletentzat nola smartphoneentzat. Bisualagoa eta mezu anitzekoa izango da, baliabide garrantzitsuenak nabarmenduko ditu eta askotariko helmugak erakutsiko. Halaber, sinergiak bilatuko ditu erabiltzailearen interesa pizteko, eta Euskadi helmugaren irudia eta egoera bultzatu eta indartuko ditu beti marka herrialdearen estrategiaren bitartez.

   Era berean, 'Basque Country Magazine' aldizkari digitalaren banaketa sendotuko da. Doako aldizkari horrek Euskadi helmugaren berri modu interaktiboan ematen du hainbat hizkuntzatan.

   Azkenik, Eusko Legebiltzarrean Turismoaren Legea aurkezteko aurten arau arloan egingo den ahalegin handia nabarmendu du Epalzak. Eusko Jaurlaritzak, modu horretan, indarreko arau esparruaren ahalmenak indartu eta eguneratuko ditu, eta hala, sektorea eta erabiltzaileak hobeto babestuko ditu.

   Hartarako, eskumendun erakundeekin eta turismoaren sektoreko ordezkariekin batera lan egiten ari da, egungo arau esparrua behar berrietara egokitzeko. Lege horrek turismo araudia egokituko du sektoreko lehia laguntzearren, bereziki ostatatze eskaintza arautuz lehia desleiala saihesteko.