Agosti Chahoren omenezko jardunaldia egingo du Euskaltzaindiak ostiralean Baionan

Actualizado: martes, 13 diciembre 2011 11:32

BILBO, 13 Dic. (EUROPA PRESS) -

Euskaltzaindiak Agosti Chahoren omenezko jardunaldia egingo du datorren ostiralean, abenduaren 16an, Baionan, IKER zentroan, "Agosti Chaho eta Erromantizismoa Euskal Herrian". Jardunaldia goizean izango da, eta Literatura Ikerketa batzordearen ekimenez antolatu da, Akademiako iturriek jakinarazi dutenez.

Chaoren omenezko jardunaldiaren egitaraua 10:00etan hasiko da, Beñat Oihartzabalen "Chaho eta euskal gramatika" hitzaldiarekin. Ondoren,

10:45ean, Txomin Peillenek "Euskararen iturriak Chahoren hiztegiaren hitzaurrean" gaiaz hitz egingo du, eta bukatzeko, 11:30ean, Ana Toledok "Aitor-en oihartzuna Hego Euskal Herrian" mintzaldia emango du.

Bestalde, arratsaldez ageriko bilkura egingo du Euskaltzaindiak toki berean. Arratsaldeko 17:00etan, Xabier Kintana Euskaltzaindiko idazkariaren sarrera-hitzekin hasiko da ekitaldian. Ondoren, 17:15ean, Jean Haritschelharrek "Euskal Herria Chahoren begietan" hitzaldia eskainiko du, eta amaitzeko, 18:00etan, Patri Urkizu "Agosti Chahoren obraz eta bere eraginaz" ariko da.