AhoDubber zuzeneko ikuskizunen hizkuntza itzultzen duen sistema sortu dute Eskenak eta EHUk

AhoDubber aurkeztu dute
ESKENA/EHU
Actualizado: martes, 20 noviembre 2012 18:04

BILBO, 20 Nov. (EUROPA PRESS) -

Eskena Euskadiko Produkzio Eszenikoen Enpresa Elkartuak eta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Arte Ederretako Arte eta Teknologia Sailak eta Aholab Signal Processing Laboratory Telekomunikazio Ingeniaritza Saileko irakasleekin osatutako diziplina anitzeko ikerketa taldeak zuzeneko ikuskizunetan erabili daiteken bikoizketa sistema sortu dute. AhoDubber deituriko sistemaren bidez, ikuskizuna gauzatzen ari den hizkuntzaren ordez, ikusleak beste hizkuntza baten jarraitu dezake agerraldia.

Sistema berria astearte honetan aurkeztu dute Bilbon, Harrobia Ekoizpen Eszenikorako Berrikuntza Zentroan, Miguel Angel Gonzalez EHUko Ikerkuntzarako errektoreordeak, Amaia Ibañez Eskenako gerenteak, Josu Rekalde EHUko Arte Ederretako Fakultateko dekanoak eta Ibon Saratxaga Aholabeko ikertzaileak.

Ondoren, Gorakada Teatro taldeak sistema berriaren erakustaldia egin du, "Jules Verneren azken abentura" ikuskizunaren laburpena euskaraz eskainiz. Bertara gerturatutakoek, ordea, aukera izan dute sistema berria probatu eta emanaldia gaztelaniaz jarraitzeko belarriko entzungailuaren bidez.

AhoDubber proiektua elkarlanean burututako lanaren emaitza da. Sistema honen bidez, antzezleek gidoi jakin baten arabera esandakoa jarrai daiteke eta bere mintzaldiarekin batera sinkronizatuta dagoen edonolako baliabide digitala erabili daiteke, audio, bideo edo bestelako komunikazioa mezua.

AhoDubber sistema edonolako tresna digitala erreproduzitzeko baliogarria den arren, orain aurkeztu den prototipoa aktoreen solasaldiak beste hizkuntza batera bikoiztutako audio grabazioak emateko sortu da. Beraz, zuzeneko ikuskizunak beste hizkuntza batera itzultzeko sistema da.

Sistemak aktore bakoitzaren solasaldiak jasotzen ditu, aldean daramatzaten kable gabeko diadema mikrofonoaren bidez. Aktoreen solasaldiak atzematen ditu eta jatorrizko antzezlanaren gidoia jarraitzen du; solasaldi guztiak atzeman eta bere datu-basean bilatzen du dagokion itzulpena eta hau audio irteerara bidaltzen da. Audio-operadore batek prozesua ikuskatu eta gidoia jarraituz, sor daitezkeen sinkronia desdoitze arazoak zuzendu ditzake. Bikoiztutako solasaldia, eszenatokiko aktoreak bere esaldia esaten ari dela erreproduzitzen da, sistemak atzerapen oso txikia duelako.

Aldibereko itzulpen sistema honek, aldez aurreko berariazko prestakuntza behar du erabili nahi den ikuskizun bakoitzerako. Horrela, jatorrizko hizkuntzan dagoen obraren gidoia behar du, sistema erabiltzen denean gidoi horretan oinarrituko baitira denbora errealean esandako solasaldiak. Halaber, gidoia sistemak erabili ahal dezan, aplikazioaren berariazko formatu erraz baten kodifikatuko da.

AhoDubber Sistemak bestelako garapenak izan ditzake etorkizunean, esaterako, keinu hizkuntzara itzultzeko sistema inplementatzeko edo argiztapenaren kontrol-lana automatizatzeko.