Ahozko Hiztegia sortu da, euskaraz entzuteko aukera ematen duen lehena

Actualizado: martes, 11 junio 2013 16:10

BILBO, 11 Jun. (EUROPA PRESS) -

Ahozko Hiztegia aurkeztu da astearte honetan Bilbon, euskarazko sarrerak entzuteko aukera ematen duen lehen baliabidea, hain zuzen, eta dagoeneko www.bostakbat.org/azkue helbide elektronikoan aurki daiteke. Bertan, euskarazko sarrera bat aurkitu ondoren sarrerak ondoan duen soinuaren ikurra sakatuz erabiltzaileak hitz hori entzuteko aukera izango du. Proiektuak euskara estandarraren azentu eredua aztertu eta euskararen intonazioa anotatzeko tresnak eskaintzea du helburu.

Aurkezpen ekitaldian izan dira Ahozko Hiztegia egiten aritu diren erakundeetako ordezkariak: Xabier Etxaniz, EHUko Euskara errektoreordea; Iñaki Gaminde, EUDIA ikerketa-taldeko kidea; Inma Hernaez, Aholab laborategiko zuzendaria; Patxi Uribarren Bostak Bat elkarteko kide eta euskaltzaina; eta Gotzon Aurrekoetxea ikerketa-proiektuko arduradunak.

Proiektuak bere helburua lortzeko hainbat urrats eman dira. Lehenik eta behin, euskara estandarrerako azentu arauak zehaztu dira; ondoren, Aholab laborategiak ahots sintetizagailua prestatu du; eta, azkenik, proiektua 5000 Hiztegian (Adorez Hiztegiak) implementatu da, Bostak Bat lantaldeak eta EHUk hitzarmena sinatu ondoren.

Egitasmoaren beste helburu bat euskararen patroi intonatiboak zein diren zehaztea da. Proiektuan aukeratu den marko teorikoa fonologia metriko-autosegmentala izan da eta, horren arabera, intonazio-kurbak zehazteko azentudun silaba zehaztea ezinbestekoa da. Horretarako, aldaera dialektaletan eta euskara estandarrean ematen diren azentu motak aztertu behar izan dira, orokorrean ematen diren arauak finkatu eta eredu bat proposatzeko.

Proiektuaren arduradunen ustez, ezinbestekoa da eredu estandarrak edo hizkera formalak eta jasoak azentu eredu bat izatea, batez ere, euskararen egoera kontuan izanda. Izan ere, hainbat arazo nagusi daude gai honen inguruan: lehena, euskara hizkuntza indartsuz inguratuta dagoela da (ingelesa, frantsesa, gaztelania; gainera, inoiz baino euskaldunberri gehiago dago, baina dagoeneko euskarak ez du eredu prosodiko propiorik eta, horregatik, beste inon baino bariazio prosodiko handiagoa ematen ohi da; horrez gain, nabarmentzekoa da euskal hiztunek azentuari buruz duten ezagutza eskasa.

Laburbilduz, euskara estandarrerako jada eginak izan diren proposamenak kontuan hartuz (Txillardegiren eta José Ignacio Hualderen proposamenak), proposamen berri bat egin da, paperetik haratago doana.