Aiko Taldeak erromeria herrikoa antolatu du ostiralerako Bilboko Erriberako merkatuan

Actualizado: jueves, 23 octubre 2014 17:17

BILBO, 23 Oct. (EUROPA PRESS) -

Aiko Taldeak erromeria herrikoi batean parte hartzera gonbidatu ditu herritarra ostiral honetan, urriaren 24an, arratsaldeko 19:00etatik aurrera, Bilboko Erriberako merkatuan, zuzeneko musika eta guzti. Sarrera librea da, eta parte hartzera animatzen direnek Aiko Taldeko kideen azalpenak izango dituzte lagun, gorputzak "askatu" eta euskal dantzez oso-osorik gozatu ahal izateko, taldeko arduradunek adierazi dutenez.

Ekimen hau Aikok Bilboko Udalarekin eta Alde Zaharreko Merkatarien Elkartearekin sinatu duen lankidetza hitzarmenaren haritik gauzatuko da, musika eta dantza tradizionalarekin bertakoentzat nahiz bisitarientzat erreferentziazko gune bilakatu den barruti historiko honetako kultur eskaintza indartuz. Horrela, hilabete bakoitzaren hirugarren ostiralean, Erriberako merkatu ezagunera inguratzen diren bilbotarrek asteburua hasteko modu dibertigarri honetaz gozatzeko aukera izango dute.

Gainera, Erriberako merkatuko hileko dantzaldi hauek, Aiko Taldea dantzarako esparru berriak sortu eta gero eta jende gehiagorengana iristeko asmoz egiten ari den lana ezagutzeko aukera eskainiko diote publikoari. Duela zazpi urte baino gehiago abiarazi zuten Aiko Taldeak "Dantzaldi Ibiltaria" deritzon programa, eta harez geroztik, 2.000 pertsonak baino gehiagok dantzan egiten ikasi dute, aldez aurreko ezagutza mailari erreparatu gabe.