Aiko taldeak erromeriak eta dantza tailerrak eskainiko ditu Gipuzkoa, Nafarroa eta Bizkaiko sei herritan

Actualizado: jueves, 9 julio 2015 14:03

BILBO, 9 (EUROPA PRESS)

   Aiko taldeak Nafarroako, Gipuzkoako eta Bizkaiko sei herri bisitatuko ditu uztailean, bost erromeria eta dantza tailer bat eskaintzeko. Iruñea, Berastegi, Errenteria, Markina-Xemein, Arrigorriaga eta Ispaster izango dira taldeak bisitatuko dituen sei udalerriak, dantza tradizionala eta ospakizun herrikoiak berrindartzeko bokazioari jarraituz.

   Euskal Herriko dantza tradizionalaren hedapena bultzatzen duen musikari eta dantza maisuen taldeak prentsa ohar bidez jakinarazi duenez, San Fermin jaietan murgilduta dagoen Iruñea izango da Dantzaldi Erromeria jasoko duen lehena, uztailaren 13an, Taconera-Vistabellako euskara jardueren gunea den Oinez Txokoan, 23:30etik aurrera. Dantzaz gozatzeko aukera izango da, dantza herrikoien koreografia tradizionalaren oinarriak ikasiz, gozamen eta dibertsio giroan eta maisu eta musikari profesionalen gidaritzapean.

   Uztailaren 17an, Berastegiren (Gipuzkoa) txanda izango da. Oraingoan, doako dantza tailerra izango da udaletxeko erabilera anitzeko aretoan, 19:00etatik aurrera. Tailerra eskaini ondoren erromeria egingo da herri berean, abuztuaren 9an, arratsaldeko 19:00etatik aurrera, Herriko Plazan.

   Tailerra, erromerian egingo diren dantzak ikasteko edo hobetzeko dago antolatuta, eta Irune Arrizubieta dantza irakasle eta Aiko taldeko kideak emango du. Tailer horretan parte hartzeko interesa duten pertsonek informazio gehiago eska dezakete

bulegoa@aikotaldea.eus helbide elektronikoaren bitartez edo 634 423 539 telefono zenbakira deituz.

   Hurrengo egunean, uztailaren 18an, Errenteriaren (Gipuzkoa) txanda izango da, beste dantzaldi batekin, arratsaldeko 18:00etatik aurrera, Zumardian. Ekimen horren bitartez, eta azken urteetan gertatzen ari den bezala, Aiko taldeak bat egin du Ereintza dantza taldeak 14 urtetik hona Gipuzkoako herri horretan antolatzen duen Erromeria Egunarekin.

BIZKAIRA

   Nafarroatik eta Gipuzkoatik igaro ondoren, Aikok Bizkaiko hainbat udalerritan eskainiko dituen beste hiru dantzaldi erromeriarekin osatuko du uztaileko jarduketa programa. Zehazki, Markina-Xemeinen (uztailaren 19an, 19:30ean, plazan), Arrigorriagan (uztailaren 20an, Herriko Plazan, 21:00etan) eta Ispasterren (uztailaren 25ean, 13:00etan, Santiago baselizan) izango dira jarduerak.

   Aiko taldea (www.aikotaldea.eus) musikari, koreografo eta dantza maisuz osatutako elkarte kulturala da, guztiak bokazio berdintsuarekin: "modu natural, erlaxatu eta dibertigarrian jo eta dantzan egitea", eta pasio hori ahalik eta pertsona gehienei helaraztea da bere helburua.

   Aiko taldea, plazak erromeria "bereziekin" girotzeaz gain, euskal ondare tradizionala transmititzeaz eta hedatzeaz ere arduratzen da, zaletuei edo eta profesionalei zuzendutako ikastaro, mintegi nahiz master class saioak antolatuz. Bere metodologia propioa landu du eta urritik ekainera bitartean hainbat herritan antolatzen duen Dantzaldi Ibiltaria ekimenarekin, Euskal Herri osoko txokoetara heltzen da.