Aintzane Ezenarrok zuzenduko du Memoriaren Institutua

Jonan Fernandezekin agertu da Aintzane Ezenarro
Foto: IREKIA
Actualizado: viernes, 29 mayo 2015 13:56

GASTEIZ, 29 (EUROPA PRESS)

   Aintzane Ezenarro Eusko Jaurlaritzako Biktimen Arretarako aholkulari eta Aralarreko legebiltzarkide ohiak zuzenduko du Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua. Erakundeak Bilbon izango du egoitza, ekainean hasiko ditu jarduerak eta inaugurazio ofiziala azaroaren 10ean izango da, Memoriaren Egunean. Ezenarrok esan du "elkarrizketaren bitartez guztion artean eraikitako" memoriaren alde lan egingo duela.

   Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiko burua jakinarazi du Ezenarroren izendapena, Eusko Legebiltzarrean eskainitako prentsa agerraldi batean. Fernandezek kokapena eta institutua martxan jartzeko izapideen egoeraren berri eman die Eusko Legebiltzarreko taldeei.

   Horrela, esan bezala, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak ekainean hasiko ditu jarduerak, 2014ko azaroaren 27an hori sortzeko onartutako 4/2014 Legea betez. Aipatutako Legearen Lehen Xedapen Gehigarrian xedatutakoaren arabera, institutuak jarduerak gehienez sei hilabeteko epean hasi behar ditu, legea indarrean jartzen denetik zenbatzen hasita. Horrenbestez, jarduerei ekiteko agindua ekainean emango da.

   Ezenarroren izendapenaren ondoren, Memoriaren Institutuaren Zuzendaritza Kontseilua uztailetik aurrera eratuko da erabat, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundien eta Eudel Euskadiko Udalen Elkartearen ordezkariak izendatutakoan.

   Halaber, Memoriaren Institutuaren barneko antolamenduari dagokionez, zuzendaritza arlo bat egongo da, hiru zerbitzu hauen inguruan egituratuta: kudeaketa, ikerketa eta dibulgazioa. Lantalde teknikoan zazpi eta hamabi lagun bitartean egongo dira.

KOKAPENA

   Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren egoitzari dagokionez, hainbat toki aztertu ondoren, kokapenik onena Bilbo dela erabaki da, hain zuzen, Euskadiko Artxibo Historikoaren eraikin berean. Aukera hori lantzen ari da Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusia.

   Fernandezek azaldu du aukera ezberdinak aztertzeko orduan kontuan hartutako bi irizpideekin bat datorrela aipatutako aukera: kostu ekonomiko txikiena (Jaurlaritzaren instalazioen espazio zabala, lehendik gaituta dagoena, optimizatzea ahalbidetzen du) eta adostasun handiena (hiriburu bat hautatu da, bestelako sinbolismoak edo irakurketa politikoak saihestuta).

   Kasu horretan, orobat, Euskadiko Artxibo Historikoaren esparru berean egongo denez, bi erakunde horien artean sinergiak sortu ahal izango dira, ageriko antzekotasunak dituzten jarduerak, zuzkidurak eta instalazioak partekatuko baitituzte.