Aiora Jakak eta Maialen Marinek Txineratik zuzenean euskaratuko dute Mo Yan Nobel saridunaren ipuin bilduma bat

Actualizado: martes, 15 enero 2013 19:15

BILBO, 15 Ene. (EUROPA PRESS) -

Aiora Jaka eta Maialen Marin donostiarrek irabazi dute Literaturako Nobel saridunak euskaratzeko AED-k eta Elkar-ek Kutxaren laguntzarekin antolatzen duten Jokin Zaitegi itzulpen lehiaketa. Horrela, irabazleek Txineratik zuzenean euskaratuko dute Mo Yan Nobel saridunaren ipuin bilduma bat.

Halaxe erabaki du Rafa Egiguren, Miren Ibarluzea eta Jesus Mari Olaizola Txiliku idazle eta itzultzaileek osaturiko epaimahaiak, aurkezturiko 23 lanen artean. Antolatzaileek azpimarratu dute aurkezturiko lanetatik lau zuzenean aritu direla txineratik, "euskal itzultzaileen mailak eta txinatar kulturaren ezagutzak egin duten gorakadaren seinale".

Proiektu guztien artean Jaka eta Marinena aho batez hautatu du epaimahaiak, bera zelakoan jatorrizkoari ondoen lotzen zitzaiona, batetik, eta euskaraz ondoen funtzionatzen zuena, bestetik. Beraz, iazko urte amaieran Suediako Akademiak Nobel saridun hautaturiko Mo Yan idazle suediarraren ipuin bilduma bat (behin-behingoz "Nagusia gero eta umoretsuago dago" izena daramana) euskaratu beharko du itzultzaile bikoteak, eta 2013ko amaiera baino lehen emango du argitara Elkar argitaletxeak.

2002an abiarazi zuten Elkar-ek eta AED-k, Kutxaren laguntzaz, Nobel sariduna euskaratzeko Jokin Zaitegi beka hau, eta geroztik hauexek izan dira sari horri esker itzuli diren liburuak: 2002an, Imre Kerteszen "Zoririk ez" (Urtzi Urrutikoetxeak itzulia); 2003an, J.M. Coetzee-ren "Lotsaizuna" (Oskar Arana); 2004an saria hutsik utzi zen; 2005ean, Harold Pinter-en "Maitalea eta beste antzerki-lan batzuk" (Iñigo Errasti); 2006an, Orhan Pamuk-en "Elurra" (Monika Etxebarria eta Fernando Rey); 2007an, Doris Lessing-en "Belarra kantari" (Koro Navarro); 2008an, J.M.G. Le Clézio-ren "Basamortua" (Luis Berrizbeitia); 2009an, Herta Müller-en "Hatsaren kulunka" (Ibon Uribarri); 2010 Mario Vargas Llosaren "Pantaleon eta bisitariak" (Santi Leoné); eta 2011n, Tomas Tranströmer-en "Bizientzat eta hilentzat" (Juan Mari Aguirreurreta).

IRABAZLEAK

Maialen Marin Lacarta (Donostia, 1983) Itzulpengintzan lizentziatu zen Bartzelonan, Ingeles eta Txinera espezialitatean, eta baditu masterra eta doktoretza ere. Tesian, egungo txinatar literatura Espainian nola itzuli den aztertu du, Mo Yan-en kasua bereziki landuz.

Unibertsitateko ikerketan eta irakaskuntzan lan egin izan du, artikulu espezializatu askoren egilea da, eta literatur itzulpenak ere egin izan ditu, txineratik gaztelaniara. Egun Herbehereetan bizi da.

Aiora Jaka Irizar (Donostia, 1982) Itzulpengintzan lizentziatura, masterra eta doktoretza ditu Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU). Tesia Sarrionandiaren itzulpen-lanaz egin du eta berriki argitaratu du Euskaltzaindiak. Gasteizko Letra Fakultatean irakaslea da, eta hainbat artikulu espezializatu eta literatur itzulpenen egilea.