Aitortza instituzionala egin dio Gipuzkoako Aldundiak "Loreak" filmaren lantaldeari

Aldundiko ordezkariak filmeko ekoizpen arduradunarekin
GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
Actualizado: lunes, 28 diciembre 2015 13:33

DONOSTIA, 28 (EUROPA PRESS)

   Gipuzkoako Foru Aldundiak babesa, esker ona eta aitortza instituzionala egin dizkio "Loreak" filmaren lantaldeari. Jon Garaño eta Jose Mari Goenagak zuzendutako pelikula Oscar sarietarako hautatua izan zen ingelesez besteko hizkuntza batean egindako filmen atalean, baina pasa den astean AEBetako Arte eta Zinema Akademiak bederatzi pelikulen aurreaukeraketatik kanpo geratu dela jakinarazi zuen.

   Kultura, Turismo, Gazteria eta Kiroletarako foru diputatu Denis Itxaso eta Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko foru diputatu Imanol Lasa filmaren ekoizpenaren arduradun Iñigo Obesorekin agertu dira astelehen honetan Donostian. Bertan, pelikularen ekarpena aldarrikatu dute, Oscarretako lehiatik kanpo geratu den arren.

   Horrela, "aurrekaririk gabeko arrakastatzat" jo dute proiektuaren ibilbidea eta "gure kultura industriarentzako, zinema arlokoarentzat bereziki, suspergarri" dela esan dute. "Horregatik babesa eta sostengua adierazten jarraitu behar diogu", adierazi dute.

   Zentzu honetan, pasa den astearteko Gobernu Kontseiluan, sail ezberdinen bitartez, pelikularen ekoizleei 40.000 euroko diru laguntza ematea adostu zela jakinarazi dute. Diruak Oscar sarietarako kanpainan filmak AEBetan izan dituen sustapen, komunikazio eta publizitate gastuen finantzaketa du xede.

   Erabakiaren helburua Oscarretako lehia konplexu eta zailean ahalik eta baldintza onenean lehiatzea zen. Horretarako, filmaren bultzatzaileak, beste hainbat jardueren artean, proiekzioak antolatzen, sustapen ekimenak bultzatzen eta prentsan iragarkiak txertatzen ibili dira azken hilabeteetan AEBetan, honek eragindako gastuei euren kabuz aurre eginez. Testuinguru honetan erabaki zuen Gipuzkoako Aldundiak babes ekonomikoa eskaintzea.

"AURREKARIRIK GABEKO AUKERA"

   Itxasok eta Lasak nabarmendu dutenez, Gipuzkoa "aurrekaririk gabeko aukera" baten aurrean egon da, eta Aldundiaren asmoa aukera honen arrakastari ekarpena egitea izan da. "Munduko sari emate ekitaldirik ospetsuenaren partaide izateko hautagai izateak, Gipuzkoa eta bere marka nazioartean indartzeko aukera paregabea izan da, kultura zein erakunde ikuspegitik. Tamalez, abentura ez da guk nahi bezala amaitu baino Gipuzkoako lurralde osoari eragiten zion proiektu baten aurrean gaude, interes orokor batekin, eta partaide izan behar genuen esfortzu horretan", nabarmendu dute.

   Dena den, orain arteko ibilbidea balio handikoa dela azpimarratu dute, arrakastaz beteta baitago. "Loreak" nazioarteko zinemaldi nabarmenenetan izan da eta maila altueneko lehiaketetan saritua izan da.

"'Loreak' Gipuzkoako enpresek ekoiztu dute. Filmeko gidoilariak eta zuzendariak gipuzkoarrak dira. Pelikula osoa euskara hutsean eginda dago eta grabazioa, muntaia eta ekoizpen ondokoa Gipuzkoan egin dira. 'Gipuzkoa' markaren eredu garbia da, gure hizkuntzarena, geurea bultzatuz nazioartean tokia lortu daitekeenaren adibide garbia", esan dute.

   Gipuzkoako Aldundiaren ustetan, "Loreak" filmak lortu duen oihartzuna bultzada izan da "Gipuzkoa mundu mailako aktore gisa nazioarteko eszenatokian kokatzeko", aldi berean, "gizarte irekiagoa eraikitzeari ekarpena eginez". "Globalizazioaren fenomenoak gure indarguneak bultzatzeko ditugun aukera guztiak ongi baliatzera behartzen gaitu, eta 'Loreak' aukera bikaina izan da Gipuzkoa munduan kokatzeko", esan dute.