Aitzol eta Euskal Pizkundea omenduko dituzte urriaren 14an Euskaltzaindiak eta EHUk Bilbon

Bizkaia Aretoan egingo da jardunaldia
Europa Press
Actualizado: lunes, 10 octubre 2011 15:03

BILBO, 10 Oct. (EUROPA PRESS) -

Jose Ariztimuño "Aitzol" idazle eta kultur eragilearen omenez urte osorako antolatu dituzten ekitaldien baitan, urriaren 14an, ostiralean, hura eta Euskal Pizkundea omenduko dituzte Euskaltzaindiak eta Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU), Bilbon.

Bi erakundeok, beste hainbat eragilerekin batera, "Aitzol - Euskal Pizkundearen urtea" ekimenean parte hartzen ari dira, Joseba Ariztimuño, "Aitzol" hil zeneko 75. urteurrenaren kariaz. Izan ere, aurtengo urriaren 17an, 75 urte beteko dira Jose Ariztimuño "Aitzol" (Tolosa, 1896 - Hernani, 1936) fusilatu zutela.

Akademiako iturriek jakinarazi dutenez, jardunaldia Bilbon egingo da, EHUren Bizkaia Aretoan, eta bi helburu nagusi izango ditu: batetik, Euskal Pizkundea euskara biziberritzeko ahalegin oso moduan hartzea, soziolinguistikaren begiekin aztertuaz; eta, bestetik, ahalegin hura eta azken 25 urte hauetakoa alderatzea. Sarrerra doan izango da, eta izen-ematea hemen egin daiteke: http://www.euskaltzaindia.net/index.php?option=com_contact&I...

"Aitzol eta bere lagunak. Euskal Pizkundea" ekimenaren barruan, garai horretaz, orain arte gehiegi aztertu ez den alderdiari buruzko gogoeta eskainiko dute Euskaltzaindiak eta EHUk.

Hala, bada, honela azaltzen dute antolatzaileek: "Tesiak egin dira Lizardiri edo Lauaxetari buruz; bertsolaritza, bertsolari-txapelketak ere aztertu dira. Baina hori, eta Euskaltzaleak taldekoek eginiko gainerako ahaleginak, ez dira oraindik aztertuak izan, soziolinguistikaren ikuspegitik. Izan ere, azken 20 - 25 urteetan, kanpokoei begiratu diegu (Fishman-i, Mackey-ri...) gure hizkuntza-politika abian jartzeko".

"Orduan ere -gaineratu dute- kanpora begiratu zuen Aitzolek, Belgikara. Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia egin zenean, hiru ardatz estrategiko hartu ziren: transmisioa -besteak beste, hezkuntza mundua eta helduen euskalduntzea-, erabilera eta kalitatea (sorkuntza, kultura, prestigioa)".

Hain zuzen ere, horiek aurki daitezke Euskal Pizkundearen garaian ere: transmisioa, umeen hezkuntza elebiduna eta horrek eskatzen duen materiala sortzea eta helduei euskara irakastea; hizkuntzari prestigioa emateko ahalegina; kultura sorkuntza sustatzea. Horren guztiaren inguruko gogoeta da jardunaldiak eskaini nahi duena.