Akats larriak sei hilabeteko epean zuzentzen ez dituzten igogailuak geldiaraziko ditu Jaurlaritzak

Igogailuen mantentzerako dekretu berria egin du Jaurlaritzak
Foto: Europa Press
Actualizado: miércoles, 12 febrero 2014 14:09

BILBO, 12 (EUROPA PRESS)

   Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) igogailuen aldizkako mantentze lan eta ikuskapenetarako irizpide berriak ezartzen dituen dekretua onartu du Eusko Jaurlaritzak, eta ostegun honetatik, otsailaren 13tik, egongo da indarrean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) gaur argitaratu ondoren. Horrela, besteak beste, akats larriak sei hilabeteko epean zuzentzen ez dituzten igogailuak geldiaraziko ditu Jaurlaritzak.

   Egungo araudiaren beharrezko egokitzapena da dekretu berria, eta ikuskapenetan ikusitako akats larriak ez zuzentzeak ekarritako ondorioetan dago aldaketa nagusia. Aipatu bezala, Eusko Jaurlaritzak akats larri horiek sei hilabeteko epean zuzentzen ez dituzten igogailuak geldiaraziko ditu orain.

   Jaurlaritzaren arabera, arau berriak "gehiago babesten du kontsumitzailea", aldizkako ikuskapenean akats larriak atzemanez gero, Kontrol Erakundeak beste bisita egingo duelako horiek zuzendu dituztela egiaztatzeko, eta sei hilabeteko epean ez badituzte horiek zuzendu, igogailua zigilatu egingo da.

   Akats larritzat jo daitezkeen 163 kasu zehaztuta daude dekretu berrian, betiere hondatze mailaren edo hondatutako atalaren arabera. Kasu arruntenak honakoak izan dira 2013an: kableak egoera txarrean, segurtasuneko sistemaren funtzionamendu txarra, lasaierak eta higadurak makinerian, edo higatutako poleak.

   Euskadin martxan dauden 55.414 igogailuetan eragingo du dekretu berriak. Igogailu horien %47, 2000tik aurrera ezarri dituzte, EAEko araudira egokituta daude eta CE marka dute (Europako kalitate ziurtagiria). Halaber, igogailuen %16, 1990eko hamarkadan ezarri dituzte; %14, 1980koan; %20, 1967 eta 1980 artean; eta %3, 1967 aurretikoak dira (urte horretan ezarri zen lehen araudia). Kontrolerako 14 erakundeek aldizkako 14.879 ikuskapen egin zituzten 2013an, eta akats larriak aurkitu zituzten igogailuen %20an.

   Bestalde, gaur argitaratutako dekretuan ez dago aldaketa handirik aurreko araudian azaldutako mantentze lanen aldean. Halaber, Jaurlaritzak gogorarazi du igogailua zaintzeaz arduratzen den enpresak hark izan ditzakeen akatsen berri eman beharko diola titularrari, bai eta ikuskapena egin aurretik ere.

   Zaintzeaz arduratzen diren enpresa horien betebeharrak zehaztuta daude dekretuan, bai eta kontrolerako erakundeek egin behar dituzten aldizkako mantentze lanen azterketen eta ikuskapenen irismena ere.