Akitania/Euskadi/Nafarroa Euroeskualdeak enplegua eta garapen kulturala eta linguistikoa bultzatzen jarraituko du

Bileraren une bat
IREKIA
Actualizado: lunes, 6 marzo 2017 17:13

BILBO, 6 (EUROPA PRESS)

Akitania/Euskadi/Nafarroa Euroeskualdeak bilkura egin du astelehen honetan Bordelen, 2017. urterako aurreikusitako ekintzak aztertzeko. Horrela, mugaz gaindiko enplegua, kultura eta hizkuntza garapena eta abiadura handia bultzatzen jarraituko du. Nafarroako Foru Erkidegoak kide ofizial gisa parte hartu duen lehen bilera izan da.

Alain Rousset Akitaniako Berriko lehendakaria, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzakoa eta Uxue Barkos Nafarroako Gobernukoa izan dira bilkuraren buruak. Halaber, gobernu bakoitzak ordezkaritza izan du Bordelen egindako bileran.

Hala, aurten, euroeskualdeak aurreikusita du Irakaslegaiak AEN proiektua abian jartzea. Programaren bidez 660.000 euro banatuko dira beketan, euroeskualdeko unibertsitate publikoetako Maisutzako ikasleek euskaraz eta okzitanieraz irakatsi ahal izan dezaten Frantziako hezkuntza sistemako eskola publikoetan.

Era berean, ikasleen mugikortasuna bultzatzen jarraituko da, eta horretarako euroeskualdeko Erasmusen bigarren edizioaren deialdia egingo da, Erasmus beken osagarri, eta euroeskualdeko beken kopurua bikoizten saiatuko da. Doktoretzako ikasleengana ere zabalduko da onura hau.

Enpleguari dagokionez, proiektu bat egingo da (lurralde lankidetzarako europar funtsekin batera finantzatua), mugaz haraindiko enpleguaren diagnostikoa egiteko eta irtenbideak bilatzeko azterlan bat egiteko, baita informazio atari bat sortzeko ere, langileentzat, langabeentzat eta enpresentzat.

ATLANTIKOKO KORRIDOREA

Gainera, euroeskualdetik Atlantikoko Korridorea bultzatuko da, hau da, bidaiarien eta merkantzien trenbide korridorea, Atlantikoko aurrealdeko portuak barnealdearekin eta Europako gainerako lekuekin lotzen duena, lehenbailehen gauzatu ahal izan dadin. Bestalde, Akitania Berriak, Euskadik eta Nafarroak lanean jardungo dute ahal bezain laster euren trenbide sareak elkarlotzeko, garraio aukera berriak zabaltzearren.

Azkenik, euroeskualdeak proiektuetarako laguntzen bi deialdi berri egingo ditu aurten. Lehenengoak 400.000 euroko laguntzak bilduko ditu guztira, kulturarekin, hezkuntzarekin, kirolarekin, gazteriarekin eta eleaniztasunarekin lotutako proiektuetarako, eta bigarrenak -urteko bigarren seihilekorako aurreikusia- 300.000 euroko laguntzak, euroeskualdeko lankidetza estrategikoetan oinarritzen diren proiektuetarako, enpresen ezagutzaren, berrikuntzaren eta lehiakortasunaren ekonomia ardatz tematikotzat hartzen duten proiektuetarako, alegia.

Nafarroa sartu ondoren, ia bederatzi milioi biztanle ditu orain Akitania/Euskadi(Nafarroa Euroeskualdeak. Gainera, bere aurrekontua ere handitu egingo da, eta aurten guztira 1.650.000 euro izango da.