Akitania-Euskadik, Etxepare Institutuak eta Euskal Kultur Erakundeak elkarlanerako kultur egitasmo berria dute

Ezkerretik eskuinera: Etxegoin, Berge, Anton eta Goenaga
ETXEPARE EUSKAL INSTITUTUA
Actualizado: martes, 1 marzo 2016 16:20

DONOSTIA, 1 (EUROPA PRESS)

   Akitania-Euskadi euroeskualdeak, Etxepare Euskal Institutuak eta Euskal Kultur Erakundeak (EKE) Aquitaine.eus kultur egitasmo berria abiarazteko lankidetza hitzarmena sinatu eta prentsaren aurrean aurkeztu dute astearte honetan, Donostian. Hitzarmenaren bitartez, sinatzaileak lankidetzan ariko dira bi norabidetan: batetik, Ipar eta Hegoaldeko euskal kultur sortzaileen lanak Akitaniako diziplina ezberdinetako jaialdi eta ekitaldietan erakutsiko dituzte, eta, bestetik, Akitaniako eta Euskadiko kultur sortzaile eta eragileen arteko mugaz gaindiko harremanak eta elkarlana sustatuko dituzte.

   Mikel Anton Eusko Jaurlaritzako Europako Gaietarako zuzendariak aurkezpenean azaldu duenez, Euroeskualdearen Plan Estrategiko berriaren (2014-2020) lanketak agerian utzi zuen elkar ezagutza sustatzearen beharra. Zeregin horretan "kulturak garrantzi berezia" duela esan du, eta planak hizkuntzen ezagutza eta sustapena eragingo du eta kultura kooperaziorako ardatz bilakatuko da.

   Lan ildo horretan kokatu du Antonek Aquitaine.eus egitasmo berria, "euskaraz egindako proiektuen presentzia era berezian" sustatuko duena. Bi urtetarako martxan jarri den proiektuak 67.500 euroko aurrekontua izango duela ere adierazi du.

   Bestalde, Mathieu Berge Aquitaine-Limousin-Poitou-Charentes eskualdeko kontseilariaren hitzetan, egitasmoa mugaz gaindikoa izateaz haratago, euroeskualde mailakoa ere bada. Izan ere, kontuan hartuta Akitania eskualdea handitu egin dela berriki iparraldetik (Poitou-Charentes eta Limousin gehituz) eta hegoaldetik laster Nafarroa kide berri bilakatuko dela, euroeskualde berriak bederatzi milioi biztanle eta Europako lurraldeko %2a izango ditu aurki. "Berezko politikak izateko moduko neurria", Bergeren hitzetan. Testuinguru honetan, Etxepare eta EKE bezalako Europa mailako eragileekin lanean hasteak dakarren aurrerapausoa azpimarratu du.

   Euskal Kultur Erakundeko zuzendari Pantxoa Etxegoin ere oso pozik agertu da, hitzarmen berriak EKEk eta Etxeparek azken urteetan burutu duten elkarlanaren onarpena delako. "Gainbalio bat nahi dugu ekarri Euroeskualde berri horretan -esan du-: euskal kultura hor egongo dela bermatzea eta egiazko trukaketa bat gauzatuko dela".

   Halaber, Aizpea Goenaga Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak Nafarroa gehitzearen garrantzia ere azpimarratu du, "euskararen eremu ere izanik, Institutuak bertako euskarazko kultura ere nazioartean sustatzen duelako". Sortzaileak hitzarmenaren muinean daudela ere nabarmendu du, eta haien ekarpenak jasotzeko prestutasuna adierazi du. "Hau hasiera baino ez da", gaineratu du.

EGITARAUA

   Elkarlan berriaren baitan oraingoz 2016. urterako antolatu duten programaren nondik norakoak ere azaldu dituzte Etxegoinek eta Goenagak aurkezpenean. Horrela, martxoaren 7tik 10era, Dferia azokako programako lau antzezlan itzuli dituzte frantsesera, Akitaniako programatzaileek goitituluekin ikus ditzaten: "Musu bat" (Tanttaka), "Oskara" (Kukai Dantza), "Zergaitik Jamil?" (Tartean Teatroa) eta "Jokoz kanpo" (Borobil Teatroa). Gainera, Akitania-Euskadiko instituzio eta kultur erakundeen topaketa bat egingo dute Donostian martxcoaren 8an, lankidetza sustatzeko.

   Apirilaren 1etik 3ra Escale du Livre Bordeleko Liburu azokako programan frantsesera itzulitako lanak dituen euskal idazle batek parte hartuko du, eta maiatzaren 19tik 22ra, Leioako Umore Azokan euskal-akitaniar programatzaile eta profesionalen arteko topaketak antolatuko dituzte.

   Abuztuaren 4tik 6ra, Fest' Arts Kaleko Arteen Nazioarteko Jaialdiaren baitan, euskal konpainia batek egonaldi artistiko bat egingo du Libournen. Jaialdiko egitarauan hiru euskal talde izango dira, gutxienez, eta euskal-akitaniar programatzaile eta profesionalen topaketak ere antolatuko dituzte.

   Udazkenean, Bordeaux-Cenoneko Le Rocher de Palmer kulturguneak euskal musika programatuko du: hiru alor desberdinetako hiru kontzertu izango dira -jazz, elektronikoa, folk tradizionala-. Erakusketa bat ere ekoiztuko dute eta lau eguneko herri musikako tailer-ikastaroak eskainiko dituzte eskoletan eta kulturgunean.

   Azkenik, azarotik aurrera, euskal dantzari buruzko "Soka" erakusketa Akitaniako hainbat hiritan erakutsiko da, eta, horrela, azaroan Pau hirian izango da ikusgai.