Akitaniak eta Euskadik mugaz gaindiko lankidetza sendotuko dute

Urkullu eta Rousset bilerara sartzen
Foto: IREKIA
Actualizado: martes, 7 abril 2015 13:26

BILBO, 7 (EUROPA PRESS) 

   Akitania-Euskadi euroeskualdeak 2015. urteko biltzarra egin du astearte honetan Busturiako (Bizkai) Madariaga dorretxean, eta bi eskualdeen arteko mugaz gaindiko lankidetza sendotzea adostu dute. Horrela, besteak beste, mugaz gaindiko proiektuak gauzatzeko 510.000 euroz hornitutako diru laguntzen deialdia egindo du euroeskualdeak 2015ean. Zehazki, bi deialdi egingo dira, 450.000 euroz hornituak, eta lankidetza proiektuetarako beste 60.000 euro gorde dira.

   Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria -euroeskualdeko egungo presidentea- eta Alain Rousset Akitaniako Eskualde Kontseiluko presidentea bilerako buruak izan dira. Haiekin batera izan dira, besteak beste, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburu Cristina Uriarte, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregi eta Kanpo Ekintzako idazkari Marian Elorza, Jaurlaritzaren aldetik, eta, Akitaniako Eskualde Kontseiluaren izenean, bere presidenteorde François Maitia, Garraioko sailburu Mathieu Bergé eta Enplegu eta Ekonomiaren Garapeneko sailburu Eric Guilloteau.

   Biltzarraren ondoren, Urkulluk mugaz gaindiko lankidetzaren balioa nabarmendu du, eta Eusko Jaurlaritzak Europa mailako lankidetzari eusteko hartu duen konpromisoa azpimarratu du, "estrategia partekatuek eta lurralde arteko lankidetzak gure garapen aukerak biderkatzen dituztelako". Horrela, agerian utzi du proiektu partekatuak Europako garapenerako funtsak eskuratzeko bitarteko garrantzitsua direla.

   Halaber, adierazi du garrantzitsua dela Europa mailako apustu estrategikoa den korridore atlantikoko abiadura handiko trenaren proiektuan aurrera egitea, eta berretsi du Eusko Jaurlaritza, hartutako konpromisoak direla medio, dagozkion lanak betetzen ari dela.

   Ildo honetan, berriz ere egin die dei inplikatutako gainerako erakundeei eta eragileei, azpiegitura horren aldeko apustuari eutsi diezaioten, "Euskadirentzat eta Akitaniarentzat ez ezik, Europarentzat ere estrategikoa delako".

   Bileran, Urkullu iragarri duenez, Akitania-Euskadi euroeskualdeko biltzarrak 2014ko jardueren balantzea onartu du. Onartutakoen artean daude honako hauek: osasun arloko hitzarmena izenpetzea, Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) eta Bordeleko Unibertsitatearen artean bikaintasunaren Euroeskualdeko Bikaintasun Campusa abiaraztea, Baiona-Hendaia autobus-linea Irunera iritsaraztea, TERaren eta Topoaren arteko lotura hobetzea Hendaiako geltokiko seinaleztapen intermodal berriaren bidez eta Euroeskualdeko langileen mugikortasuna hobetzeko proiektuaren aurkeztea Europako Eskualdeen Batzordeko LLETen Plataformaren aurrean.

   Halaber, biltzarrean 2015eko ekintza plana onartu dute, iragan abenduan Hendaian onartutako 2014-2020 aldirako Euroeskualdearen Plan Estrategikoan oinarrituta. Ekintza planak eskualde arteko lankidetzarako lau ardatz eta 40 ekintza zehatz barne hartzen ditu. Euroeskualdeko herritartasuna sustatzea; enpresetan ezagutzaren, berrikuntzaren eta leihakortasunaren ekonomia sustatzea; lurralde jasangarria; eta gobernantza irekia dira bi eskualdeen arteko lankidetzarako lau ardatzak.

EKINTZAK

   Bileran adostu dituzten ekintzei dagokienez, Akitaniak eta Euskadik hizkuntzen elkar ezagutza eta erabilera sustatuko dute, bai eta bi eskualdeetako ikastetxeen arteko truke programak ere, arreta berezia eskainita euskararen garapenari, lurralde bietan hitz egiten den hizkuntza izaki.

   Halaber, hizkuntza anitzeko gida bat osatuko dute (laueleduna), ostalaritzako, merkataritzako eta sektore turistikoko profesionalei zuzendua, eta Donostia 2016 Europako Kultur Hiruburua ezagutaraziko dute Akitanian eta ekitaldiari loturiko lankidetza proiektuak sustatuko dituzte.

   Kultura-Herritarrak-Gazteria Batzordea sortuko dute, Akitaniako eta Euskadiko eragileak aldin behin bil daitezen, eta gazteen mugaz gaindiko mugikortasuna bultzatuko dute, hainbat funtsen bidez (Erasmus +, Eures eta abar).

   EHUren eta Bordeleko Unibertsitatearen artean 2014ko udazkenean sortu zen Bikaintasunaren Euroeskualdeko Campusa garatzea ere adostu dute Akitaniak eta Euskadik, eta I+G+B arloko Euroeskualdeko Batzordea sortzea onartu dute, euroeskualdearentzat lehentasuna duten proiektuei ekiteko (Horizontea 2020 funtsak eta Europako Lurralde Lankidetza).

   Gainera, Bihartean eta Orkestra eragileekin lankidetzan jarraituko dute, INTERCen esparruan (Akitania-Euskadi Interclustering) kluster sareak eta lehiakortasun-poloak sortzea xede dela.

   Osasun arloko Akitania-Euskadi ekintza plana ere onartu dute, eta bi enpegu zerbitzu publikoen arteko harremanak sendotu eta dinamizatuko dituzte, mugaz gaindiko profesionalei zuzendutako informazio atari bat sortzeaz gain.

   Akitaniak eta Euskadik mugaz gaindiko lankidetza sustatuko dute Lanbide Heziketan, titulu bikoiztasunaren erronkari aurre egiteko, irakasleen hizkuntza prestakuntzarako eta abar, betiere euroeskualdeko politikaren irizpideak txertatuta arlo horretan.

   Azkenik, mugaz gandiko mugikortasuneko eta garraioko hobekuntzekin jarraituko dute (TER trenak eta autobusak Irunera iritsarazita), eta garraio ibilbideak kalkulatzeko ataria abiaraziko dute eta beste bidaia txartelen sistema batzuekiko elkarreragingarritasunean sakonduko dute.