Alarma gorria aktibatuko da 15:00etan, itsasoko eta itsas bazterreko arriskuengatik eta olatu handiengatik

Olatu oso handiak espero dira
Foto: Europa Press
Actualizado: lunes, 3 marzo 2014 13:56

BILBO, 3 (EUROPA PRESS)

   Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak itsasoko eta itsas bazterreko arriskuengatiko alarma gorria abiaraziko du gaur, martxoaren 3an, arratsaldeko 16:00etatik, astearteko, martxoaren 4ko, goizeko 09:00ak arte. Alarma gorria abisuen eta alerten sistemako maila gorena da, ezohikoak diren eta indar berezia duten fenomeno meteorologikoei lotuta dagoena. Segurtasun Sailak otsailaren 2an abiarazi zuen itsasoko eta itsas bazterreko arriskuengatiko azken alarma.

   Euskalmet Meteorologiaren Euskal Agentziaren arabera, atlantiar depresio sakon batek eta haizearen indarrak eta iraupenak olatu handiak sortuko dituzte euskal kostaldean. Olatuen tamainari beste ezaugarri bat batuko zaio, mareak oso biziak izango dira, bereziki astearte goizaldean.

   Euskalmetek eginiko iragarpenen arabera, gaur, olatuen tamainak gora egingo du; goizaldean lau metro inguru izango dituzte, eguerdian 6-7 metro inguru, eta arratsaldean eta gau partean 9-10 metro neurtzera helduko dira. Era berean, hondoko itsasoa ere hazten joango da, lau metrotik sei metrora eguerdian, eta bederatzi metrora arte arratsalde-gauean. Olatualdiaren tartea 12 segundotik 18-19 segundora igoko da.

   Asteartean, martxoaren 4an, olatuak txikitzen joango dira; 9-10 metrotik 6-7 metrora eguerdian, eta 4-5 metrora egunaren amaieran. Era berean, hondoko itsasoak ere behera egingo du, bederatzi metrotik sei metrora arte, eguerdian, eta lau metro ingurura arte arratsean. Olatualdiaren tarteak ere behera egingo du, 19-18 segundotatik 16 segundora arratsalde partean.

   Olatu oso handiak izango dira, eta horri mareak ere oso biziak izango direla gehitu behar zaio. Gaur arratsaldean, itsasgora 18:00ak aldera izango da (Bilboko portuan 18:15ean izango da, 4,63 metrorekin). Une horretan 9-10 metrora hel daitezkeen olatuak espero dira; hondoko itsasoa 8-9 metro ingurukoa eta 18 segundoko tarteak. Hurrengo itsasgora astearte goizeko 06:30 aldera izango da (Bilboko portuan 06:33an, 4,83 metrorekin) eta olatuak 8-9 metrora iritsiko dira; hondoko itsasoa zortzi metro inguruan izango da eta 18 segundoko tarteak.

   Alderdi positibo gisa, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak azpimarratu du olatu handienak gerta daitezkeen unean, gaur gauerdi aldera, itsasbehera izango dela (Bilboko portuan 00:17an, 0,64 metrorekin).

   Horrela ba, olatu handiek eta marea biziek bat egitearen ondorioz, alerta gorria abiaraziko da gaur arratsaldeko 16:00etatik astearte goizeko 09:00ak arte. Unerik zailenak itsasgoretan izango dira. Azken finean, olatu oso handiek eta marea oso biziek bat egiten dutenean joan den otsailaren 2an izandako denboralearen antzeko zerbait gerta daiteke, latzagoa ez bada.