Alberto Vazquez-Figueroa eta Almudena Arteaga izango dira "Eztabaidak literaturarekin" zikloan martxoaren 22an, Bilbon

Alberto Vázquez-Figueroa
EP
Actualizado: viernes, 18 marzo 2011 12:42

BILBO, 18 Mar. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren "Eztabaidak literaturarekin" jende aurreko elkarrizketaren bitartez literaturako zenbait irudirengana hurbiltzea proposatzen duen ekimenak Alberto Vazquez-Figueroa kazetari eta idazlea eta Almudena Arteaga eleberri historikoen egilea elkartuko ditu martxoaren 22an Bidebarrieta liburutegian, literaturaren eta abenturaren inguruan hitz egiteko.

Elkarrizketak hilero burutzen dira, asteartez, arratsaldeko 19:30etatik aurrera, Bidebarrieta liburutegiko ekitaldi aretoan. Bertan, espezializatutako kazetari bat ekitaldiaren aurkezle eta gidari gisa aritzen da, eta oraingoan, topaketaren moderatzailea, Goizalde Landabaso Radio Euskadiko kazetaria eta "Korte bat mesedez", "Gutiziak" eta "Jat" liburuen egilea izango da, antolatzaileek adierazi dutenez.

"Eztabaidak literaturarekin" zikloaren urteko hirugarren hitzorduan, egitarauak abenturazko literaturari buruzko eztabaida proposatzen du. Genero horrek adin, gogo eta egoera guztietako irakurleak erakarri ditu mendeetan. Hilabete honetako hitzorduko gonbidatuek beren inspirazio iturriei, dokumentazio bideei eta pertsonaia lantzeko orduan dituzten erreferentziei buruz Goizalde Landabasok egingo dituen galderei erantzungo diete.

Horrez gain, salmenta aldetik arrakasta handiak lortu dituzten abenturazko liburuak idatzi dituzten bi egile gonbidatuek beste gai batzuei buruz ere hitz egingo dute, hala nola irakurleak iraganeko garaietan girotutako abenturak nahiago dituzten ala ez, edo egilearen bizimodu abenturazaleak gero bere liburuetan azaltzen denarekin erlaziorik duen ala ez.

Alberto Vazquez-Figueroa idazle eta kazetaria egungo abentura generoko idazle emankorrenetakoa da. Bere azken liburua -"El mar en llamas"- argitaratu berri du, petrolioaren eta politikaren inguruko interes arriskutsuak mundu osoan izua piztu nahi duen sare terrorista batekin lotzen dituen trama ikaragarria duen lana. Lan iraultzailea da berez, eta egileak formatu etzanean argitaratu du, paper gutxiago kontsumitzeko.

Vazquez-Figueroak (Tenerifeko Santa Kruz, 1936), "Ébano" eta, batez ere, "Tuareg" lanekin lortu zuen arrakasta. Bere eleberri asko zinera eraman dira. Idazleak harreman handia du zinearekin, izan ere, zuzendari, gidoilari eta ekoizle ere izan baita. Bere lan aipagarrienen artean, "Sicario", "El perro", "Coltán" eta "Océano" eta "Cienfuegos" sagak ere azpimarra daitezke. Iaz Alfonso X el Sabio Sari handia lortu zuen "Garoé" eleberriarekin.

ALMUDENA ARTEAGA

Almudena Arteagari (Madril, 1967) dagokionez, 1997an argitaratu zuen bere lehen eleberria, duela denbora gutxi zinera eraman den "La Princesa de Éboli". Lortutako arrakastaren ondoren, Zuzenbidea utzi eta erabat literaturan aritzea erabaki zuen.

Lehen eleberri horren ondoren, hainbat motako beste hamar lan etorri dira. Kritikak, eleberri historikoko gaur egungo idazle azpimarragarrienen artean jartzen du. Bere liburuak lau hilabete baino gehiago egon dira liburu salduenen zerrendetan, hainbat aldiz berrargitaratu dira eta zenbait hizkuntzatara itzuli dira. 2004an bere lehen literatur saria lortu zuen, Alfonso X el Sabio Saria, "María de Molina, tres coronas Medievales" lanari esker.

2007ko urtarrilean "Eztabaidak literaturarekin" egitaraua martxan jarri zenetik, Bidebarrieta liburutegiko ekitaldi aretoak idazle bikoteen arteko elkarrizketak ikusi ditu, besteak beste, Ramiro Pinilla eta Harkaitz Cano, Ana Maria Moix eta Luisa Etxenike, Alfonso Sastre eta Carlos Gil, Belen Gopegui eta Iban Zaldua, Luis Eduardo Aute eta Ruper Ordorika, Juan Manuel De Prada eta Aitzpea Goenaga, Juan Bas eta Juan Madrid, Luis Sepulveda eta Unai Elorriaga edo Suso del Toro eta Joseba Zulaika.