Aldiriko tren batek istripua izan du Bilbora heltzean eta 27 zauritu daude

Actualizado: lunes, 14 septiembre 2015 11:08

BILBO, 14 (EUROPA PRESS)

   Renfe konpainiako aldiriko tren batek istripua izan du Bilbora iristean eta 27 zauritu eragin ditu. Dirudienez, trenak ez du garaiz frenatu eta geltokiko tope hidraulikoa jo du, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak Europa Press berri agentziari jakinarazi dionez.

   Zaurituetako zazpi Basurtuko Ospitalera eraman behar izan dituzte, baina, hala ere, ez daude larri, kontusioak dituzten arren. Zaurituetako batek sorbaldako luxazioa dauka, beste batek buruan kolpea zeukan eta beste batek zerbikaletan mina zuen. Istripua gertatu denean 250 bat bidaiari zihoazen trenean, Renfek Europa Press-i jakinarazi dionez.

   Renferen arabera, istripua 08:15ean gertatu da. Urduñatik Bilboko Abando geltokira zihoan trenak balaztatu egin du baina ez du garaiz gelditzerik lortu eta tope hidraulikoa jo du, trena geldituz. Halere, 27 lagun zauritu egin dira eta zazpi ospitalera eraman dituzte kontusioak artatzeko. Gainontzekoak tokian bertan artatu dituzte.

   Ertzaintzak dagozkion probak egin dizkiote tren gidariari; makinista ez dago zaurituta eta balazta aktibatu duela ziurtatu du. Momentuz ez da argitu istripuaren zergatia, eta balaztaren akatsa ere ez da baztertu. Istripuaren ondorioz 08:30eko bi zerbitzu eten behar izan dira (Bilbo-Laudio eta Laudio-Bilbo), baina dagoeneko trenak normal dabiltza.