Aldundiak Arabako udalen turismo sustapena bultzatuko du 100.000 eurorekin

Oficina de turismo de Lagiardia (Rioja alavesa)
DIPUTACIÓN DE ALAVA
Actualizado: lunes, 21 agosto 2017 12:46

DONOSTIA, 21 (EUROPA PRESS)

Foru Aldundiaren Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren Zerbitzuak aurten 100.000 eurorekin finantzatuko du bisitarientzako informaziogunea daukaten lurraldeko udalen turismo garapen eta sustapenerako proiektu multzo bat.

Komunikatu baten bidez, foru erakundeak programa honen helburua
Arabako toki erakundeek dauzkaten turismo eskaintza eta sustapen tresnak hobetzea dela jakinarazi du.

Zehazki, Gasteizko Udalak 27.707 euroko dirulaguntza jasoko du sustapen eta publizitate materiala argitaratzeko, gidatutako ikustaldiak antolatzeko eta hiriko erakargarriak ezagutzera emateko kazetari berezituei eta bidaia agentziei.

Bastidak eta Guardiak, bestalde, 20.000 euro jasoko dute bakoitzak turismo ekitaldi berrietarako, webguneak eta sare sozialak kudeatzeko eta ikus-entzunezko materiala argitaratzeko.

Gainerako laguntzak Elciegoko Udalaren eta Amurrioko Udalaren artean banatuko dira (17.395 euro eta 14.840 euro, hurrenez hurren), kultura ekitaldiak antolatzeko, turismo seinaleak hobetzeko eta gidatutako ikustaldiak eskaintzeko.

"Laguntza programa honen helburua turismo bulegoa daukaten Arabako herrien turismo eskaintza eta beraien sustapen tresnak eta materiala hobetzea da. Dirulaguntzen zati bat bisitatzen gaituztenei arreta eskaintzen dieten bulegoen kudeaketa finantzatzera ere joango da", adierazi du Cristina González Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren Saileko diputatuak.

Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren Sailak aurten urtarrilera aurreratu du udalentzako laguntzen deialdiaren argitalpena, toki erakundeek lehenbailehen jaso dezaten beren proiektuak abian jartzeko beharrezko finantzaketa. Neurri horrek, Turismo Mahaian planteatuta, ahalbideratu du deialdi hori abuztuaren hasiera aldean ebaztea.

BESTE LAGUNTZA BATZUK

Dirulaguntza lerro hau, ekitaldi honetan bertan kuadrillentzat eta irabazteko xederik gabeko elkarteentzat onartu direnei gaineratzen zaie. Denetara, 540.000 euroko zenbatekoa egiten dute, 2016an baino % 2,5 gehiago.

Turismo sustapenerako laguntza programa hauek lehentasuna ematen diete proiektu berritzaileei, turismo arloko enpleguaren sasoikotasuna gutxitzen laguntzen dutenei, eta moldatzen direnei Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren Saila ondoko hiru helburu hauekin egiten ari den ekintzetara: turista gehiago erakartzea, batez besteko egonaldiaren iraupena luzatzea eta arabarrek beren lurralde historikoan turismoa egitea lortzea.

Arabako hoteletan eta landa-turismoko etxeetan ostatu hartu zuten pertsonen kopurua 199.165era handitu da aurtengo lehenengo seihilekoan (%10eko gehikuntza, 2016ko aldi berarekin alderatuta), Euskal Estatistika Erakundea/Eustaten datuen arabera. Joera hori bera ageri da urtarriletik ekainera arte emandako ostatu-gauen kopuruan, %7ko gehikuntzarekin.