Alfa Taldeko langileek enpleguaren aldeko manifestazioa egin dute Eibarren

Actualizado: lunes, 7 enero 2013 13:57

DONOSTIA, 7 Ene. (EUROPA PRESS) -

Alfa Taldeko langileek manifestazioa egin dute astelehen honetan Eibarko (Gipuzkoa) kaleetan zehar, euren lanpostuen alde. Mallabiko (Bizkaia) Mecánicas Mallabi eta Eibarko Alfalan eta Alfa Hogar enpresetan 87 lanpostu kentzeko erregulazio espedientearen aurkako hiru greba egunetako lehena izan da gaur.

LAB sindikatuko iturriek Europa Press-i jakinarazi diotenez, grebak izan duen jarraipena baloratzeko oraindik goizegi den arren, "eragina izaten ari da" Eibarko lantokietan eta Mecánicas Mallabin.

Gainera, 12 konpainia biltzen dituen Alfa Taldeko langileek manifestazioa egin dute 12:30ean hasita Eibarko kaleetatik, Unzaga plazatik abiatuta, 87 lanpostu kentzea aurreikusi duen enplegu erregulazio espedientearen aurka; 47 lanpostu Mallabin desagertuko dira, 13 Alfalanen eta 26 Alfa Hogar-en.

Joan den asteko asteazkenean eta ostiralean egindako bi orduko lanuzteen ondoren, eta gaurkoaz gain, langileek beste bi greba egun burutuko dituzte aste honetan, asteazkenean eta ostiralean.

LAB sindikatuko iturriek salatu dutenez, joan den urriaren 23an Alfa Taldearen prozesu konkurtsala hasi zenetik, lehiaketaren arduradunekin "bilera bakarra egon da, azaroaren 20an", eta hori langileekiko "errrespetu faltatzat" jo dute.

Ildo honetan, Alfalanen eta Alfa Hogar-en kasuetan, enpresetako arduradunak "ez dira batzordearekin bildu, ez dute bilerarik egin arrazoiak azaltzeko, eta espedientea ordezkariari aurkeztea besterik ez dute egin".

Beste alde batetik, LAB sindikatutik iragarri dute mobilizazio eta ekintza gehiago egitea aztertzen ari direla eta aurki jakinaraziko dituztela.