AlhondigaBilbaok 15 tailer eskainiko ditu "Ikasiz" prestakuntza-programaren barruan

Actualizado: lunes, 10 enero 2011 12:30

BILBO, 10 Ene. (EUROPA PRESS) -

AlhondigaBilbao zentroak 15 prestakuntza-tailer antolatu ditu 2011. urteko lehenengo hiruhilekorako. "Ikasiz" programako tailerrak dira, eta hirian dagoen prestakuntza-eskaintza osatu nahi dute. Era berean, herritarrak animatu nahi ditu arlo desberdinetara hurbiltzeko. Tailerrak arlo desberdinei buruzkoak izango dira, hala nola literatura, zinema, zientzia, xakea, internet, kazetaritza edo argazkigintza.

Horrela, tailer horietakoren batean izena eman nahi dutenek gaurtik egin dezakete AlhondigaBilbaoren Infopuntuan. Tailerrak adin desberdinetako jendeari daude zuzenduta, zentro bilbotarreko arduradunek prentsa ohar bidez jakinarazi dutenez.

Tailerretako batzuk ordaindu egin beharko dira, beste batzuetara edonor joan daiteke eta beste batzuk ikastetxeekin hitzartutakoak dira. Horrenbestez, 2011ko lehenengo hiruhilekoko tailerrak urtarrilaren 13an hasiko dira, hiru eguneko iraupena izango duen Akira Kurosawaren storyboard-ei buruzko tailer batekin.

Urtarriletik maiatzera bitarteko larunbatetan, nahi dutenek familian gozatu ahal izango dute metraje laburreko film txiki baten sorkuntzarekin.

Literatura zaleek ondo idazteko teknikak ikasi ahal izango dituzte "Literatura Bizia" ikastaroan; izan ere, zenbait idazlek hobeto idazteko aholkuak emango dizkiete izena ematen dutenei. Literaturaren arloan, AlhondigaBilbaok nagusiei zuzendutako haur literaturako ikastaro bat ere eskainiko du.

Era berean, nahi dutenek xakearen sekretu guztiak ikasi ahal izango dituzte AlhondigaBilbaok emango dituen bi hilabeteko tailerretan, bai haurrentzat zein helduentzat.

Zientziak eta kimikak ere protagonismo berezia izango dute denboraldi honetan, eta hiru tailer desberdin izango dira, publiko mota desberdinei zuzenduta. Izena eman nahi duten ikastetxeek esperimentuak egin ahal izango dituzte kimikako irakasleen eskutik, otsailaren 7tik aurrera. Gainera, eta ildo berean, 14 eta 18 urte bitarteko gazteentzat, esperimentu harrigarriak egiteko tailerrak izango dira. Halaber, nagusitan zientzialari izan nahi dutenek otsaileko larunbatetan laborategian emango den ikastaroan eman ahal izango dute izena.

Interneten erabileran sakondu nahi dutenek, internet aurrezteko bide gisa erabiltzeari buruzko ikastaroarekin egin ahal izango dute hori, edo, bestela, blog bat sortzen eta mantentzen ikasi ahal izango dute. Beste ikastaro batean, interneten dohainik edukiak izateko gaur egungo ereduaren bideragarritasunari buruz eztabaidatuko da. Era berean, zientziari buruz eztabaidatzeko edo 2.0 hiri-ereduari buruzko gogoeta egiteko jardunaldiak izango dira.

Azken batean, prestakuntza-jardunaldi aukera zabala eskaini nahi du zentro bilbotarrak. Horren bitartez, AlhondigaBilbaok jende guztiarentzako prestakuntza-aukerak eskaini nahi ditu, eta, horrela, hirian dagoeneko badagoen prestakuntza-eskaintza osatu.