BILBO 30 Jul. (EUROPA PRESS) -
AlhondigaBilbao zentroaren "Lurra Proiektua" eta "Sorterria. Beste leku bat hasten da hemen" erakusketak abuztuaren 15era arte bisitatu ahal izango dira. Horrela, erakusketa biak aurreikusitakoa baino 15 egun gehiago egongo dira ikusgai, zentro bilbotarreko arduradunek prentsa ohar bidez gaur jakinarazi dutenez.
AlhondigaBilbaoren erakusketa-eskaintza honekin batera, "100 x 100 Komikia" eta "Urtebete Anguleman" erakusketek bidaia "interesgarri eta pedagogikoa" proposatuko dute komikiaren iraganetik eta orainalditik, eta abuztuaren 20ra arte egongo dira zabalik. Erakusketa hauek 11.000 lagun baino gehiagoren bisitak jaso dituzte jada.
"Lurra Proiektua" erakusketa handi eta diziplinartekoaren gune nagusia Lurraren kontzeptua da, bai eta arkitekturak, arteak, zinemak, bideoak, musikak, antropologiak, filosofiak, diseinuak, jarduera fisikoak eta hezkuntzak elkarren artean duten harremana ere. Erakusketaren komisarioa Alicia Chillida da, eta Air France, Frantziako Enbaxadako Kultur Zerbitzuak, Giroa eta Erakus izan dira kolaboratzaileak.
"Lurra Proiektua" ekimenak erakusketa zabala eskaintzen du, eta bertan, nazioarteko egile garrantzitsuek hartzen dute parte, besteak beste, Abalos & Sentkiewicz, SANAA, Emilio Puertas edo Santiago Cirugeda arkitektura estudioek; Olatz Gonzalez Abrisketa antropologoak; eta Antoni Muntadas, Lothar Baumgarten, Dario Urzay, Jorge Oteiza, Gordon Matta-Clark edo Jose Ramon Amondarain artista bisualek.
Hainbat formatutan egindako 12 lanek osatzen dute erakusketa hau, eta, horren bitartez, iraunkortasunarekin, hizkuntzekin, memoriarekin, paisaiarekin edo arkitekturarekin erlazionatutako gaiak planteatzen dira.
Bestalde, "Sorterria. Beste leku bat hasten da hemen" erakusketa Parisko Fondation Cartier pour l'art contemporain fundazioak sortu du, eta AlhondigaBilbao, Panasonic eta UNESCOren lankidetza izan du.
Lehen aldiz dago erakusketa hau Estatuan, Parisko Fondation Cartier pour l'art contemporain fundazioan eta Kopenhageko Kunsthal Charlottenborgen ikusgai egon ondoren; azken horretan, hain zuzen ere, Klima Aldaketari buruzko NBEren Goi Bilera (COP15) egin zenean egon zen ikusgai.
Erakusketaren bitartez, zenbait kontzepturen gaineko hausnarketa proposatzen da: identitatea, sustraitzea eta deserrotzea, sedentarismoak eta nomadismoak, ama-hizkuntzak eta abar. Horretarako, lan bisual osagarri bi daude ikusgai, biak ere Paul Virilio filosofo eta hirigileak eta Raymond Depardon argazkilari eta zinemagileak sortuak.
"URTEBETE ANGULEMAN"
Bestalde, "Urtebete Anguleman" erakusketak AlhondigaKomik Bekaren lehenengo edizioaren irabazle izandako Clara Tanit Arquek eta bere kide Lola Lorentek La Maison des Auteurs delakoan egindako lana biltzen du. Artista biek Anguleman garatu dituzten proiektuak egongo dira ikusgai erakusketan: Clara Tanit Arqueren "Nork maite ditu marrubiak?" eta Lola Lorenteren "Nire odoleko odola".
Erakusketara hurbiltzen direnek egileen lehenengo marrazkiak eta zirriborroak ikusi ahal izango dituzte, eta, bide batez, artista gazte biek eratutako unibertsoa eta pertsonaiak ere bai. "Urtebete Anguleman" AlhondigaBilbaoren ekoizpen propioa da; izan ere, ekimen honen helburua komikia hedatu eta sustatzea da.
Halaber, udako programazioa osatzeko, bihar eta abuztuaren 14an, ikusle mota guztiei zuzendutako bi emanaldi egingo dira AlhondigaBilbaoko Atrioan. Sarrera dohainik izango da.
Horrela, bihar Niño Costrini arituko da. Bere ikuskizunak umorea, zoramena, zirkua eta trebetasun fisikoa uztartzen ditu. Niño Costrini pailazo malabarista da, probokatzaile hutsa. Ironia eta sarkasmo fina dira bere adierazpideak, eta barrea, berriz, bere lanbidea. Ume handi hau bitxia, absurdua, bihurria eta eroa da.
Bestalde, abuztuaren 14an, Malabreikers taldearen emanaldia izango da Atrioan, malabarismoa eta akrobazia uztartzen dituen ikuskizunarekin. Kale-giroko komedia da, 'retro-break' ukituarekin.
Ikuskizun horien bina emanaldi eskainiko dira: lehenengoa 12:30ean, eta bigarrena 19:00etan.
Gainera, abuztuaren 7an, 10:30etatik 19:30etara, AlhondigaBilbaoko igerilekuek puzgarridun espazio berezia izango dute, abonatu heldu zein txikiek urarekin gozatu dezaten. Horrela, igerilekuetan, espazio bat mugatuko da eta zenbait puzgarri jarriko dira bertan, instalazioetako erabiltzaile guztiak dibertitu daitezen.
Igerilekuetako abonatuek dohainik gozatu ahal izango dute ekimen honekin, eta gainerakoek igerilekuetako tarifa arruntak ordaindu beharko dituzte, bertara sartu ahal izateko (helduek 5,80 euro / 18 urtetik beherakoek 3 euro).