AlhondigaBilbaok "Gabonak Arte" programa eskainiko du, umeek arte esperimentazioaz goza dezaten

Actualizado: sábado, 20 diciembre 2014 10:49

BILBO, 20 Dic. (EUROPA PRESS) -

AlhondigaBilbao zentroak "Gabonak Arte" programa antolatu du ondoz ondoko hirugarren urtez. Haurrei eta familiei zuzendutako arte esperimentazio garaikideko egitasmoa da, eta txikienak ikusle eta sortzaile izango dira aldi berean, zentro bilbotarreko arduradunek jakinarazi dutenez.

Antzerki, arkitektura, narrazio, dantza, musika, irrati edota literaturaren bidez, beren jakin-mina garatu ahal izango dute literatura, musika, pintura eta ikus-entzunezkoen esparruan, jakintza arlo horietako profesionalen laguntzaz.

Horrela, "Gabonak Arte" programak ikaskuntza aktiboa sustatu nahi du, sexistak ez diren balioak eta elkarlana, errespetua eta desberdintasunarekiko tolerantzia bezalakoak igortzeko, ingurune ludiko batean, haurtzarotik sormen artistikora hurbilduz.

Programaren baitan antolatu diren jarduerak adin guztietako jendeari zuzenduta daude, eta familian bizitzeko moduko esperientziak dituzte, belaunaldien arteko harremanak sustatzeko.

Egitasmoa AlhóndigaBilbaon egingo da, abenduaren 26an, 27an eta 28an eta urtarrilaren 2an, 3an eta 4an. Jardueren ordutegia 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara izango da. Jarduerek prezio ezberdinak dituzte, guztiak murriztuak, eta batzuk dohainik izango dira. Leku faltagatik eta aurreko urteetan izandako arrakasta kontuan izanik, komeni da aldez aurretik leku librea dagoen jakitea.