AlhondigaBilbaok hoPlay Bideojokoen Nazioarteko III. Lehiaketa egingo du uztailean

Actualizado: lunes, 5 marzo 2012 14:03
cia" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

BILBO, 5 (EUROPA PRESS)

   AlhondigaBilbao zentroak uztailean egingo den hoPlay Bideojokoen Nazioarteko III. Lehiaketaren deialdia ireki eta proposamenak onartuko ditu ekainaren 16ra arte. Hautagaiek sei sari eskuratu ahal izango dituzte, guztiak 6.000 eurokoak, baita Kinect saria ere, Microsoftekin lankidetzan.

   Zehazki, kultur ate aisialdiko zentro bilbotarreko iturriek jakinarazi dutenez, hoPlay Bideojokoen Nazioarteko Lehiaketa uztailaren 13tik 22ra egingo da Kulturen Atarian. BBKren, Euskaltel Fundazioareb, EiTBren eta Bilbao Ekintzaren laguntza estrategikoa dauka lehiaketak.

   Zentrotik adierazi dutenez, bideojokoen sektorea urtero-urtero haziz doa, kopuruari zein kalitateari dagokienez, mundu birtualean pantailaren aurrean zein atzean eskaintzen diren aukerak infinituak baitira. Besteak beste, Ridley Scott eta Guillermo del Toro zinemagileek bideojokoetan irudimena ustiatzeko orri zuria ikusi dute, askotan pantaila handiak ezartzen dituen mugak izan gabe. Horrela, ikusleei haien filma bizitzeko aukera eskaintzen zaie. Bideojokoak dibertsiorako makina handiak dira, eta hezkuntza-erreminta indartsua izan daitezke.

   Horrela, aurten ere, AlhondigaBilbaok aitortu eta saritu egin nahi du bideojokoen jolas- eta hezkuntza-izaera garatzen dituzten pertsonen eta enpresen sormena, eta horretarako deitu du hoPlay Bideojokoen Lehiaketa. Originaltasuna, sormena eta berrikuntza eta AlhondigaBilbaorekin lotutako balioak oinarri dituzten ekoizpenak aurkeztu eta sustatu nahi dira.

   Nazioarteko deialdia datorren ekainaren 16ra arte irekita dago, eta 2011ko urtarrilaren 1a baino geroago egindako bideojokoak aurkezten dituzten enpresa guztiei bideratuta dago. Bideojoko horiek izan daitezke kontsoletarako, ordenagailuetarako edo telefono mugikorretarako, eta gaia eta generoa libreak izango dira, betiere, indarkeria edo bereizkeria motaren bat aldarrikatzen ez badute edo kolektiboren batentzat iraingarriak ez badira.

   Proposamenak jaialdiko zuzendaritzak izendatutako epaimahaiak baloratuko ditu. Epaimahai hori bideojokoen sektoreko profesional ospetsuek osatuko dute. AlhondigaBilbaok 6.000na euroko sei sari ezarri ditu hauek saritzeko: ideia originalik onena, sormen-diseinurik onena, soinu-musika onena, jokoaren kalitaterik onena, euskal bideojokorik onena eta ikusleen sari berezia.

   Zerrenda horretan beste sari bat aipatu behar da: Kinect saria; Microsoftekin lankidetzan, Windowsentzako Kinectekin egindako proiektu interaktibo eta multimediei emango zaie. Sari honetako hautagaien artean batez ere baloratuko dira musikarekin edo soinu-gertaerarekin lotutako proiektuak, horixe baita hoPlay 2012 Bideojokoen Nazioarteko Jaialdiaren gai nagusia.

   Kinect sariaren irabazleak proiektua jaialdian erakusteko aukera izango du, uztailaren 13tik 22ra, AlhondigaBilbaon. Horrez gain, bi pertsonarentzako bidaia lortuko du Microsoftek Europan duen Berrikuntza Zentro batera. Halaber, Xbox-en Facebook orrialdean boto gehiago lortutako hiru proiektu ideiek, Windowsentzako Kinect bat irabaziko dute.

PENTAGRAMEN ARTEAN

   Aipatu bezala, hoPlay Bideojokoen Nazioarteko Jaialdia uztailaren 13tik 22ra egingo da AlhondigaBilbaoko Kulturen Atarian. Aurten musikari eta soinu-gertaerari buruzkoa izango da. Atariaren 6.000 metro koadroak lau ingurutan zatituta egongo dira, eta kontsolen fabrikatzaile nagusiek musikarekin lotutako berrikuntzak eta arrakasta handiak erakutsiko dituzte: Microsoft ingurua, Nintendo ingurua, Sony ingurua eta "PLAYzona".

   Azken inguru horretan agertoki bat egongo da, eta bertan egingo dira aurkezpenak, hitzaldiak, Mamba Beat taldea bertan arituko da eta Bilbao Ekintza Eguneko networking topaketak bertan egingo dira. Horrez gain, inguru horretan hoPlay Bideojokoen Nazioarteko III. Lehiaketan hautatutako bideojokoentzako espazioa egongo da, eta Fnac inguruko, Euskaltel inguruko eta EITB inguruko jarduerak ere izango dira.

   Garatutako gailu berriei eta izenburuei esker musika gozatzeko modu berriak daude, oraintsu arte pentsaezinak zirenak. Orain, eta egongelatik edo gelatik mugitu gabe, edonor izan daiteke rockeko izarra.

   hoPlayk bisitariei bideojokoei esker musikaz lehen pertsonan gozatzeko aukera emango die, baina gainera, egun horietan AlhóndigaBilbaora hurbiltzen direnek musikaren magia zuzenean esperimentatu ahal izango dute; izan ere, Bideojokoen Nazioarteko Jaialdiak bat egingo du "Live Music Experience" erakusketarekin. Hain zuzen ere, erakusketa horretan, maiatzaren 30etik irailaren 2ra, Euskadiko eta Estatuko zuzeneko musikaren azken 40 urteak gogora ekarriko dira.