AlhondigaBilbaok komiki bekaren laugarren edizioa antolatu du

Actualizado: miércoles, 26 enero 2011 10:36

BILBO, 26 Ene. (EUROPA PRESS) -

AlhondigaBilbaok laugarren urtez jarraian emango du komiki beka. Beka honen bitartez, zentroak sorkuntza bultzatu nahi du eta komikiaren munduan talentu profesional berrien agerpena ahalbidetu nahi du. Horretarako, ekimen honen bitartez, balio artistikoak eta izaera berritzailea kontuan hartuta aukeratutako proiektu bat finantzatuko du.

Zentroko arduradunek jakinarazi dutenez, bekaren lehenengo hiru edizioetan, 120 pertsonak baino gehiagok aurkeztu zituzten beraien proiektuak beka honetarako; horrela, bada, AlhondigaBilbaoren ekimen honen kalitatea eta ospea finkatuz joan da komikiaren eta istoriotxo grafikoen sorkuntzaren munduan.

Aurreko ekitaldietan gertatu den bezala, aukeraketa egingo duen epaimahaia marrazkilariz, gidoilariz eta kritikari espezializatuz egongo da osatuta; denak ere, ospe handia duten pertsonak izango dira. Edizio honetan, epaimahaiburua Antonio Altarriba izango da, aurtengo Espainiako Komiki Saria irabazi duena "El Arte de volar" lanarengatik; era berean, binetaren munduko ospe handiko profesionalek osatuko dute epaimahaia: Miguel Angel Martin marrazkilariak; Pepe Galvez gidoilari eta komiki kritikariak, Jesus Moreno Sin Sentido argitaletxeko editoreak eta Santiago Garcia gidoilari, itzultzaile eta komikien kritikariak.

Deialdiaren irabazleak Angulemako (Frantzia) Egileen Etxean (La Maison des Auteurs) gozatuko du bekaz. Egileen Etxea Angulemako Komikiaren eta Irudiaren Nazioarteko Hiriko (Cité Internationale de la Bande Dessinée et de l'image) ekipamendua da.

Angulemako Egileen Etxea komikiei eta ikus-entzunezko beste arte batzuei (animazioko zinema, bideo-jokoak eta abar) zuzendutako nazioarteko zentro ospetsua da, eta 2002n ireki zen. Bertan, lan baldintza egokiak ematen zaizkie zenbait egileri, aurretiaz aukeratutako beraien proiektua garatzeko.

Clara-Tanit Arque katalana izan zen komiki bekaren lehenengo edizioko irabazlea, eta Martin Romero galiziarra, berriz, bigarrenekoa. Biek ala biek "12 Komiki ordu" tailerra eman zuten AlhondigaBilbaon; bertan, inprobisazio eta sorkuntza gaitasuna lantzen eta oso denbora laburrean istorio grafiko bat garatzen lagundu zieten parte-hartzaileei.

Alvaro Ortizek lortu zuen hirugarren beka, eta gaur egun bere komiki-proiektua ari da garatzen La Maison des Auteurs zentroko instalazioetan. Gainera, Ortiz bera AlhondigaBilbaoren gizarte-sareetan egongo da gaur, jendearekin solasean, 18:00tik aurrera.

BEKAK EMATEN DUENA

AlhondigaBilbao-Komikia bekak honakoak eskaintzen ditu: ostatua apartamentu batean, gehienez ere, hamabi hilabetera arte (elektrizitatea, gasa eta ura, bekadunaren kontura); Egileen Etxeko ekipamendu eta zerbitzu guztiak erabiltzeko aukera; 1.000 euro hilean, gehienez urtebetez.

Gainera, AlhondigaBilbaok, bere aldetik edo espezializatutako argitaletxe batekin lankidetzan, proiektua argitaratzeko aukera aztertuko du, beka amaitu eta hurrengo urtearen barruan. Proiektua argitaratuz gero, euskaraz eta gaztelaniaz argitaratuko litzateke.

Bestalde, AlhondigaBilbao-Komikia beka eskuratu ahal izateko, hautagaiek baldintza hauek bete beharko dituzte: 18 urte beteta izatea, Espainian bizitzea eta ikasketarik ez egitea beste inongo zentro ofizialetan; komiki sorkuntzako proiektu bat aurkeztea, derrigorrez euskarri digitalean eta, nahi izanez gero, baita paperean ere.

Proiektuak aurkezteko epea 2011ko martxoaren 1etik apirilaren 1era bitartekoa izango da, eta epaimahaiaren epaia 2011ko ekainean ezagutaraziko da. Irabazleak 2012ko urtarriletik aurrera hasiko du egonaldia.

AlhondigaBilbaoren ekimen hau lankidetza hitzarmen zabal baten barruan dago sartuta, "Cité Internationale de la Bande Dessinée et de l'Image" delakoarekin sinatutako hitzarmenaren barruan, alegia. Modu horretan, komikiarekin eta une honetan gorantz doazen beste joera batzuekin erlazionatutako ekimenak sustatuko dira. AlhondigaBilbao Komikiaren Baliabide Zentroa izango da.

"ALHONDIGAKOMIK" IKASTAROA

Aurreko urteetan legez, AlhondigaBilbaok tailer bat antolatuko du, profesional handien eskutik istoriotxoen munduan sakontzeko. Oraingo honetan, tailerra ikastaro erdipresentzial bat izango da; izan ere, parte-hartzaileek etxetik ere landu ahal izango dute istoriotxo luze bat.

Parte-hartzaileek ikastaroaren etapa guztien jarraipena eta aholkularitza izango dute internet bidez, materialaren lehenengo banaketa egiten den unetik (martxoan). Irakasleak posta elektronikoz jarriko dira harremanetan ikasleekin, 2011ko irailetik aurrera, astean behin.

Apirilaren 27an eta 28an (09:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara), ikasleek eskola presentzialetan hartuko dute parte, lan eta zuzenketa prozesu guztiak berrikusteko eta lana egiteko azken etaparako (irailean). Ikasleek azaroan aurkeztu beharko dute amaierako komiki-proiektua.

Ikastaroaren helburua da parte-hartzaile bakoitzaren amaierako lanak jarraipena izatea eta AlhondigaBilbaoren komikiaren bekara (Anguleman) edo Estatuan abian diren beste deialdi batzuetara aurkeztu ahal izatea.

Tailerra 2010eko Espainiako Komiki Sari Nazionala irabazi duen Antonio Altarribak koordinatuko du, eta Toni Guiral, Pepe Galvez, Roberto Bergado eta Jesús Redondok emango dute. Ikastaroaren prezioa 120 eurokoa da (%25eko deskontua, 25 urtetik beherakoentzat). Izen-ematea AlhóndigaBilbaoren Infopuntuan edo 94 4014 014 telefono zenbakian egin daiteke.