Alice Russell eta TM Juke ariko dira bihar Bilboko Kafe Antzokian

Alice Russell eta TM Juke
GLOBAL FUNKERS
Actualizado: miércoles, 19 enero 2011 10:06

BILBO, 19 Ene. (EUROPA PRESS) -

Alice Russell soul abeslari britainiarra eta TM Juke ekoizle eta DJ-a izango dira protagonista bihar Bilboko Kafe Antzokian. Saioa gaueko 21:30etan hasiko da eta sarrerak 10 euroko prezioa izango du, Global Funkers-ek jakinarazi duenez.

Stevie Wonder edo Aretha Franklin bezalako musikariak entzuten hazi zen Alice Russell soul kantaria. 2000ko hamarkadaren hasieran, nazioarteko soul eszenan ezaguna egin zen Quantic, Nostalgia 77 edo TM Juke bezalakoekin egindako kolaborazioei esker.

2004an argitaratu zuen lehenengo diskoa. Tru Thoughts diskoetxeak argitaratutako "Under the Munka Moon" lanean, bere lehen singlea, kolaborazioak eta abestiak bildu zituen.

Urtebete beranduago argitaratu zuen "Then Came my favourite letters" (Tru Thoughts) bere estudioko lehenengo diskoa. TM Juke ekoizlearen laguntza izan zuen lan hau sortzeko eta nazioarteko kritikaren onezpena lortu zuen. Arrakasta horrek 2006an argitaratu zuen "Under the Munka Moon II" (True Thoughts) lanaren harrera ona bideratu zuen. Bertan, aurretik argitaratutako erremix eta bertsioak bildu zituen. Tartean, White Stripes taldearen "Seven Nation Army" abestiarekin egindako bertsio ezaguna aurki daiteke.

"Alice Russell - Live in Paris" zuzeneko DVDa Tru Thoughts diskoetxeak argitaratu zuen lehen DVDa izan zen. Parisen eskaini zuen kontzertua bildu zuen bertan, ikus-entzunezko euskarrian.

2006. urtetik Alice Russell eta TM Juke ekoizle eta DJ-ak bira luzeak egin dituzte elkarrekin AEB, Europa eta Australian zehar. Grant Daddy G (Massive Attack), Lonnie Liston Smith, Femi Kuti, De la Soul edo Amy Winehouse bezalako musikariekin ere kolaboratu du taula gainean Alice Russellek.

2008an, "Pot of Gold" disko arrakastatsua argitaratu zuen. AEBtako Six Degrees zigiluak kaleratu zuen lan hau, eta Europan, Alice berak sortutako Little Poppet Records argitaletxeak banatu zuen. 2010ean David Byrne-k eta Farboy Slim-ek elkarrekin argitaratu duten diskoko "Men Will Do Anything" abestian kolaboratu du Alice Russellek.