Amagandiko edoskitzeak txikitu egiten du arrisku kardiobaskularra ume eta nerabeengan

Idoia Labayenek argitaratu ditu ikerketaren emaitzak
Foto: EHU
Actualizado: lunes, 30 enero 2012 12:21

BILBO, 30 (EUROPA PRESS)

   Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) eta Stockholmeko Karolinska Institutuak lankidetzan egin duten ikerketa batek nabarmendu du amagandiko edoskitze luzeak txikitu egiten duela arrisku kardiobaskularra ume eta nerabeengan, EHUko iturriek jakinarazi dutenez.

   Ikerketa Suediako eta Estoniako ume eta nerabeengan egin da, eta hau ondorioztatu da: gutxienez hiru hilabetez amagandiko edoskitze hutsa jaso duten umeek, hazten direnean, hobekuntza nabariak azaltzen dituzte euren osasun kardiobaskularrean, nagusiki biberoiarekin elikatu direnekin alderatuta.

   Horrela, edoskitze luzea jaso duten ume eta nerabeen arrisku kardiobaskularra %6 txikiagoa da, eta beraz, obesitatea baino faktore garrantzitsuagoa da osasun kardiobaskularra kontrolatzeko. Horrez gain, bularreko umeek balio hobeak dituzte honako alderdi hauetan: gaitasun aerobikoa, kolesterol-mailak, hantura edo presio sistolikoa.

   Ikerketak EHUko Farmazia Fakultateko Elikadura irakaslea den Idoia Labayenek argitaratu ditu elikadura-arloan munduko aldizkaririk garrantzitsuena den 'American Journal of Clinical Nutrition' aldizkariaren urtarrileko edizioan eta 'Archives of Pediatrics and Adolescent Medicine' izenekoan. Ikerketan, hauek ere parte hartu dute: Granadako Unibertsitateko Jonatan Ruiz eta Francisco Ortega, eta Karolinska Institutuko Helle Loit, Jaanus Harro, Inga Villa, Toomas Veidebaum eta Michael Sjostrom.

   Proba ezberdinak egiteko, ikerketak Suediako eta Estoniako mediku-langileen laguntza izan du; osasun-azterketak egin dizkiete 9 eta 10 urteko 1.025 umeri eta 15 eta 16 urteko 971 neraberi, euren herrialdeetan. Azterlana egin aurretik, amei galdetzen zitzaien euren umeak amagandiko edoskitze hutsez elikatu dituzten, eta, horrela izanez gero, zenbat denboran.

   Probetan, altuera edo pisua bezalako neurri batzuk hartzeaz gain, odol-analisiak egin ziren, eta, analisi horietan, hantura edo fibrinogeno balioak ikusi ziren. Horien presentzia odolaren koagulatze handiagoarekin lotzen da, eta horrek handitu egiten du arterosklerosi arriskua. Analisi horiez gain, parte-hartzaileen gaitasun aerobikoa neurtu zen, esfortzu-proben bidez.

   Faktore horiek guztiak kontuan hartu ahal izan diren lehenengo ikerketa da hau, batetik, horiek ebaluatzeak kostu ekonomikoa handia duelako, eta, bestetik, gehieneko gaitasun aerobikoarekin gertatzen den bezala, orain dela gutxira arte arrisku kardiobaskularraren faktore ezezaguna izan delako. Gaur egun, hainbat azterlanek frogatu dute gehieneko gaitasun aerobikoa osasun kardiobaskularraren markatzailea dela, bai eta adin guztietako norbanakoetan hilkortasuna aurresateko adierazle onenetakoa ere.

   Ondorioak berresteko edoskitze-aldi luzeagoei buruzko osteko azterlanen faltan, Labayenek parte hartu duen ikerketak adierazten du amagandiko edoskitzearen gehieneko onurak hirugarren hilabetean lortzen direla; izan ere, hirugarren hilabetearen eta seigarrenaren artean ez da diferentzia esanguratsurik nabaritzen.

   Gainera, seigarren hilabetetik aurrera, umeak dagoeneko ez dira esne hutsez elikatzen, eta elikadura dibertsifikatzen hasten dira. Halere, Osasunaren Mundu Erakundeak eta UNICEFek gomendatzen dute amagandiko edoskitzea partzialki mantentzea umearen bizitzako lehenengo hiru urteetan.

AMAGANDIKO EDOSKITZEA ESPAINIAN

   Suediako eta Estoniako ume eta nerabeengan eginiko azterlan hori Espainian egitea zaila izango zen, Espainian, normalean, amek ez dituztelako betetzen edoskitzearen hiru hilabete horiek.

   Bestalde, Europako iparraldeko herrialdeetan asko laguntzen zaio amagandiko edoskitzeari. Izan ere, bi urtera arteko amatasun-bajak dituzte, eta erizainak etxeetara joaten dira bularra emateko moduari buruzko aholkuak eta laguntza ematera.

   Labayenek dioen bezala, Espainian egoera oso desberdina da. Izan ere, "ama askok ahalegina egiten badute ere, oso porrot-maila altua ematen da lehenengo hamabost egunetan; arazo hori konpondu egin ahal izango zen, bularra ematen duten amei laguntza eta aholku egokiak emanda".

   "Horri gehitu egin behar zaio lanera joan behar dutelako hirugarren hilabetean edoskitzea bertan behera uzten duten amen kopurua", esan du. Gutxienez, hau nabarmendu du: "Espainian formula-esne onak daude, baina ez dute osasun kardiobaskularra hobetzen".

   Labayenek adierazi duenez, amagandiko edoskitzea "hil ala biziko gaia izan daiteke hirugarren munduko leku askotan; izan ere, leku horietan, ugaritu egiten dira biberoia prestatu eta esterilizatzeko egon daitezkeen arazoak".

PISU TXIKIKO UMETXOAK

   Orain arte Europako ikerketa-talde honek izan duen kolaborazio egonkorraren xedea izan da, amagandiko edoskitzea aztertzeaz gain, erditzearen aurre-aurreko eta oste-osteko uneek osasunean zer nolako eragina duten aztertzea.

   Datozen hilabeteetan, euren ikerketak beste arlo honetara zuzendu nahi dituzte: pisu txikiagoarekin jaio direnez gaixotasun kardiobaskularren bat izateko arrisku handiagoa duten umeak. Euren ikerketen bidez, arrisku handiago hori nolabait amagandiko edoskitzearekin konpentsa daitekeen edo ez jakiten saiatuko dira.

   Horrez gain, taldeak jarraipena egingo die edoskitzeari buruzko azterlanean parte hartu duten Suediako eta Estoniako umeei, hazten doazen heinean euren arrisku kardiobaskularrak aldaketarik izan duen edo ez jakiteko.

EGILEA

   Idoia Labayen Goñi (Iruñea, 1968) elikaduran doktorea da Nafarroako Unibertsitatetik, eta 2002tik Elikadurako irakasle titularra da EHUko Farmazia Fakultateko Elikadura eta Bromatologia arloan. Azken urteetan, Europar Batasunak eta Espainiako, Suediako edo EAEko gobernuek antolatutako hainbat ikerketa-proiektutan parte hartu du.

   Horrez gain, egile edo egilekide gisa ageri da zortzi liburutan eta liburuen kapituluetan, eta nazioarteko aldizkarietako 50 artikulu baino gehiagotan; horietako gehienek umeen elikadurarekin lotutako gaiak lantzen dituzte.