Amaia Vicente eta Mario Paniego euskal artistek egonaldia egingo dute Poloniako Wroclaw hirian

Ezkerretik eskuinera: Larraza, Paniego, Vicente eta Otaegi
ETXEPARE EUSKAL INSTITUTUA
Actualizado: jueves, 20 septiembre 2018 9:54

DONOSTIA, 20 (EUROPA PRESS)

Euskal Herriko bi artistak egonaldia egingo dute Poloniako Wroclaw hirian AIR Wro (Artists in Residence Programme) programaren baitan, bosgarren urtez jarraian. Aurten hamar proposamen jaso dira eta, horien artean, epaimahai espezializatu batek Amaia Vicente eta Mario Paniego hautatu ditu.

Bi artistek eta Etxepare Euskal Institutuko zuzendari eta Kultura Sustatu eta Hedatzeko zuzendari Miren Larrazak eta Imanol Otaegik, hurrenez hurren, prentsaurrekoa eskaini dute ostegun honetan Donostian. Bertan azaldu dute Vicentek hiri espazioaren inguruko hausnarketa egingo duela soinuaren eta geolokalizazioaren bidez, eta Paniegok hiriko espazio publikoetan egiten den publizitatearen erabileran sakonduko duela. Egonaldiaren baitan Wroclaweko biztanleentzat lantegia eta proiektuaren aurkezpen irekia ere egingo dira.

Egonaldia irailaren 24tik azaroaren 18ra burutuko dute. Horretarako, artista bakoitzak 2.000 euroko ordainsari garbia jasoko du eta proiektua aurrera ateratzeko antolakuntzaren ekoizpen, sustapen eta komunikazio babesa jasoko dute. Era berean Wroclawera joan-etorriko hegaldia ordainduko zaie, baita ostatua ere.

Poloniaren eta Euskal Herriaren arteko elkarlana 2014. urtean hasi zen, Donostia eta Wroclaw 2016an Europako Kultur Hiriburu izateko prestaketak medio. Ordutik 11 euskal artistak egin dute egonaldia Wroclawen AIR Wro programaren bidez. Culture Zone Wroclaw erakundeak kudeatzen du programa gaur egun, eta Etxepare Euskal Institutuak Donostia 2016ren legatu bezala eman die jarraipena egonaldi hauei.

Horrela, euskal artistei euren prestakuntzarako eta euren lanaren zabalkunderako plataforma eskaintzen die eta mugikortasuna, kultura arteko elkarrizketa eta nazioarteko elkarlana sustatzen ditu.

PROIEKTUAK

Euskal artistek landuko dituzten proiektuei dagokienez, Amaia Vicentek (Bilbo, 1976) "Audio Landscape in Wroclaw" egitasmoa burutuko du. Proiektuaren kontzeptua artista Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Arte eta Teknologia departamentuan egiten ari den doktoretza ikerketaren parte da.

Wroclaweko proiektua lantegi baten inguruan egituratuko du. Soinu binaurala grabatuko du bertan, horretarako bereziki sortutako mikrofono batzuen bidez. "Entzutearen ekintza performatiboa" abiapuntu harturik, hiria zeharkatu eta hiri espazioaren inguruko hausnarketa egingo du, soinuaren grabaketa eta geolokalizazioaren bidez. Material horrekin hiria deskubritzeko aukera eskainiko duen soinu artxibo binaural bat sortuko du. Erakusketa egonaldian zehar grabatutako soinuen emaitza izango da, "soinu paisaiaren" ideiatik sortutako hiriaren erretratu bat.

Bestalde, Mario Paniegok (Bilbo, 1978) "Trompe-l'œil - Rethink The City - project" landuko du Polioniako hirian. Espazio publikoan egiten den publizitatearen erabileran sakonduko duen proiektua da. Publizitatea desagertzeko egitasmotik abiatuz, ikusizko inpaktua eragingo duen lana egingo du, hiriko hainbat toki modu ezberdinean ikustera gonbidatuz. Askotan irudi eta mezu kontsumistek lapurtzen diguten espazio publikoaren erabileraren inguruko hausnarketa sortu nahi du.

Egingo duen lana diseinatzeko bertako artista eta ekintzaileekin elkartuko da lehenengo asteetan. Ikerketa lan hori egin ostean, publikoari irekita egongo den ibilaldi-lantegi bat antolatuko du espazio publikoaren inguruko irakurketa kritiko eta partekatua egiteko. Egonaldia amaitzean egindako lanaren aurkezpen publikoa egingo du. Seguru aski lan hori publizitateari zuzendutako euskarrietan jarriko da, espazio publikoaren ikuspuntu ezberdinak eta hausnarketa proposatuz.