Lanbide Heziketaren egungo erronkak aztergai Donostian

Actualizado: miércoles, 10 junio 2015 13:16

DONOSTIA, 10 (EUROPA PRESS)

   Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak eta Stephen Farry Ipar Irlandako Ikaskuntza eta Enplegu ministroak Lanbide Heziketako Nazioarteko Topaketa inauguratu dute Donostiako Kursaal jauregian. Bi egunetan zehar, Amerikako eta Europako Lanbide Heziketako zenbait adituk egungo errealitate aldakorrak fabrikazioaren, orientazioaren eta ekintzailetzaren alorrean ezarritako erronkak aztertuko dituzte.

   Topaketak elkargune eta bilgunea eskaini nahi die Lanbide Heziketako zentroei, enpresei eta erakundeei, erronka berriak eta xede komunak bilatzeko, baita esperientziak partekatzeko eta haien inguruan eztabaidatzeko eta proiektu konplexu eta aurreratuen bitartez Euskadiko, Europako eta Amerikako Lanbide Heziketaren jarduera garatuko den esparru berriaren inguruan hausnartzeko ere.

   Horrela, jardunaldiek hiru ardatz izango dituzte: fabrikazio aurreratua, orientabide mota berri bat eta etorkizuneko ekintzailetza.

Fabrikazio aurreratuari dagokionez, 4.0 Industriaren etorrerari helduko zaio: industriaren etorkizuna (laugarren industria iraultza). Fabrika adimenduna errealitate izaten hasi da, fabrikaren prozesu guztiak elkarrekin loturik baitaude eta elkarri eragiten baitiote.

   Horrela, gaikuntza hobea, pertsonen prestakuntza eta espezializazioa dira industria iraultza berriaren erronkak. Euskadiko Lanbide heziketak eutsi egin dio erronkari, eta bere egin du hauekiko konpromisoa: hain zuzen, ETEekiko, industriarekiko oro har, eta beharrezko den enplegagarritasunarekiko. Lan merkatuaren gaur egungo bilakaerari begira, erabaki aproposa da ekintzailetza sustatzea eta enpresa berriak sortzea.

   Beraz, topaketan, aztergai izango dituzte bai izpiritu ekintzailea bai gizartean eta lanbide-heziketako zentroetan ekimen produktiboen sorkuntza sustatuko duten jarrera eta baldintzak bultzatzera bideratutako adibideak.