Ana Jakaren "Ez zen diruagatik" liburuaz ariko dira ostegunean Bermeoko Irakurleen Txokoan

Ana Jakaren
Foto: BERMEOKO UDALA
Actualizado: miércoles, 20 mayo 2015 11:58

BILBO, 20 (EUROPA PRESS)

   Bermeoko Irakurleen Txokoaren beste saio bat egingo da ostegun honetan, maiatzaren 21ean, udalerri bizkaitarreko Udal Liburutegian, eta Ana Jakaren "Ez zen diruagatik" liburua izango da aztergai, arratsaldeko 18:30etik aurrera. Saioaren dinamizatzailea Isa Castillo izango da, eta parte hartu nahi duenak Udal Liburutegian eskatu behar du liburua eta ordurako irakurri, Bermeoko Udalak prentsa ohar bidez jakinarazi duenez.

   Olga, emakume zakar eta zabar samarra, lanik eta dirurik gabe, gaztarotik urruntzen eta etorkizunik gabeko harreman erdipurdiko batean kateatua dagoena; bere pisukidea den Dani, etxetik ihes egin eta zerbitzari gisa lan egiten duen gaztetxoa; eta Mikel, bizimodu normalagoa daraman baina iraganetik dakarren zamatik askatu ezin duen adin ertaineko gizasemea dira Ana Jakaren "Ez zen diruagatik" liburuaren pertsonaiak.

   Pertsonaien harremanetan, haien psikologian eta sentimenduetan oinarrituriko eleberria da "Ez zen diruagatik", baina ez sentimentala eta gozoa. Adiskidetasunaren balioa, leialtasunaren zentzua, bikotekide bati zer eskatu ahal zaion, diruak eta diru ezak sortzen dituzten katramilak dira liburuan aurki daitezkeen koktelaren zenbait osagai.

   Bermeoko Irakurleen Txokoa hilean behin egiten da, hirugarren ostegunean, eta interesa duten pertsonak biltzen dira euskarazko liburu bati buruz hitz egiteteko. Ekimenarekin honako helburuak lortu nahi dira: euskarazko literaturaren irakurzaletasuna sustatzea, euskaraz idazten duten idazleak ezagutzera ematea, talde egonkorra lortzea eta partaideen eta dinamizatzaileen arteko konfiantza giroa sortzea.