Anatomiari buruzko terminologia osoa biltzen duen liburu bat euskaratu eta argitaratu du EHUk

Actualizado: miércoles, 23 julio 2014 14:29

BILBO, 23 Jul. (EUROPA PRESS) -

Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) "Giza Anatomiako Atlasa" ikasliburua euskaratu eta plazaratu berri du, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. Marbán argitaletxearen "Máster Atlas de Anatomía" lanaren itzulpena da, bere arloko erreferentzia liburua. Atlasak giza anatomiaren euskarazko terminologia osoa biltzen du, irudi zehatzekin batera.

EHUk jakinarazi duenez, testu liburua Anatomiaren ikaskuntzan baliagarria da, eta, Medikuntzan ez ezik, zuzenean edo zeharka Osasun Zientziekin zerikusia duten beste hainbat arlotan ere, hala nola Erizaintzan, Fisioterapian, Odontologian, Biologian, Farmazian, Gorputz Hezkuntzan, Psikologian, Hezkuntza Terapian, Dantzan eta Artean.

Atlasak 725 orrialde eta 14 atal ditu, giza aparatuen eta sistemen arabera antolatuak, anatomia deskriptiboa eta anatomia topografikoa eta sekzionala uztartuz. Lehenengo kapituluan, giza gorputza bere osotasunean azaltzen da, eta ondokoetan, atalka: larruazala, lokomozio aparatua (muskuluak, eskeletoa eta giltzadurak), bihotz odoletako aparatua, digestio aparatua, arnas aparatua, gernu eta ugal aparatuak, immunitate sistema eta sistema endokrinoa, nerbio sistema, eta, azkenik, zentzumen organoak.

Izendapenak azaltzeko, mila irudi baino gehiago daude. Gehienak ilustrazio ikusgarriak dira, baina badira hainbat teknikaren bidez lortutako argazkiak ere, besteak beste, erradiografiak, erresonantzia magnetikoak eta ekografiak. Liburua osatzeko, glosario erabilgarri bat erantsi da bukaeran, izendapen guztiak lau hizkuntzatan dituena: euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta latinez (nazioarteko Nomina Anatomicaren arabera).

Atlasa euskaratzeko eta argitaratzeko izugarrizko lana egin behar izan da. Horrela, itzulpenari ekin dion lantaldea hamaika lagunek osatu dute (itzultzaile profesionala, Neurozientziak saileko irakasleak eta Euskara Zerbitzuko kideak). Liburuaren edizio zaindua EHUko Argitalpen Zerbitzuak egin du.

Xabier Etxaniz Euskararen arloko errektoreordearen ustez, "EHUko betebeharretako bat da euskara zientifikoaren garapenean laguntzea; goi mailako hizkeraren eta lexikologiaren lantze horretan guztiz garrantzitsuak dira honelako lanak".