Anberesen aurkituriko gorpua Hodei Egiluzena dela baieztatu du Fiskaltzak

Actualizado: viernes, 19 febrero 2016 12:10

BILBO, 19 Feb. (EUROPA PRESS) -

Anbereseko Escalda ibaiko kai batean joan den astean aurkituriko gorpuari egindako DNA azterketak baieztatu du gorpua "desagerturiko Hodei Egiluzena" dela, hiri belgikarreko Fiskaltzako iturriek jakinarazi dutenez.

Gainera, "Hodeiren heriotzaren inguruabar zehatzak" ikertzen ari direla adierazi du, "instrukzioaren zuzendaritzapean". Fiskaltzak esan du ez duela kasuari buruzko xehetasun gehiagorik emango, martxan den ikerketa ez oztopatzeko.

Galdakaoko gaztea 2013ko urriaren 19an desgaertu zen, 23 urte zituenean, eta gorpua joan den otsailaren 11n aurkitu zuten, Kattendijkdok kaiaren inguruan, Escalda ibaian.

Hodeiren familia Anberesera joan zen aste honetan, Marta Marín Eusko Jaurlaritzako Europako Batasunerako (EB) ordezkariarekin, Ibon Uribe Galdakaoko alkatearekin eta kasua ikertu duen ertzain batekin, ibaian aurkituriko gorpuaren DNAren azterketan egoteko.