Andaluziako Juntak Donostiako Udalaren Ekonomia Sustatzeko Plana saritu du

Josu Ruiz (eskuinean) zinegotziak jaso du saria
Foto: DONOSTIAKO UDALA
Actualizado: viernes, 4 abril 2014 17:42

DONOSTIA, 4  (EUROPA PRESS)

   Andaluziako Juntak, Andaluziako Udalerrien eta Probintzien Federazioak eta Andaluziako Herriak Garatzeko Fundazioak Aurrerapen saria eman dio Donostiako Udalaren Ekonomia Sustatzeko Planari, egitasmoaren "ekimena, originaltasuna eta berrikuntza" baloratuz.

   Huelvan izan da sari banaketa ekitaldia, eta bertan izan dira Josu Ruiz Ekonomia Garapenerako zinegotzia eta Euken Sese Donostiako Sustapena udal sozietateko zuzendaria. Andaluziako Juntako presidenteorde Diego Valderas eta Andaluziako Udalerrien eta Probintzien Federazioko presidente Maria Angeles Muñozen eskutik jaso dute saria.

   Sariaren bitartez, herri administrazioek ekonomiaren eta gizartearen garapenean sustatutako jardunbide egokiak, enpleguan eragina izaten duten eta herritarren bizi baldintzak eta gizarte kohesioa hobetzen dituzten jarduerak aintzatesten dituzte aipaturiko erakundeek, Donostiako Udaletik jakinarazi dutenez.

   Donostiako Ekonomia Sustatzeko 2013ko Planaren baitan, 47 neurri estrategiko jarri ziren abian, enpleguaren sorrera bultzatzeko, herritarren laneratzea errazteko eta ekintzailetza nahiz enpresa lehiakortasuna sustatzeko helburuarekin. Emaitza onak lortu dira -1.128 enplegu eta 343 enpresa berri sortu dira_, neurri handi batean, enpresa ehunarekin eta elkarte ehunarekin izan duen erantzukidetasunari esker, eta 2014rako ere, antzeko ezaugarriak dituen plana egituratu du Donostiako Sustapenak.