Android programari buruzko on line ikastaroa antolatu dute UEUk eta Asmoz Fundazioak

Android programari buruzko on line ikastaroa antolatu dute UEUk eta Asmoz-ek
ASTANUSH
Actualizado: martes, 12 febrero 2013 13:28

BILBO, 12 Feb. (EUROPA PRESS) -

Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) eta Asmoz Fundazioak azken urteetan hain ezaguna egiten ari den Android sistema eragileari buruzko on line ikastaroa eskainiko dute. Ikastaro berezia izango da, batez ere emateko erabiliko den metodologiagatik, hau da, MOOC metodologiagatik.

Izan ere, ikastaro hau euskaraz dagoen lehen MOOC dela esan daiteke, hots, modu masiboan, irekian eta on line ematen den euskarazko lehen ikastaroa, UEUko iturriek Europa Press-i adierazi diotenez.

UEUk eta Asmoz Fundazioak elkarlanean antolatu duten ikastaro honek Gipuzkoako Foru Aldundiaren Berrikuntzako, Landa Garapeneko eta Turismoko Sailaren babesa dauka.

Ikastaroak hamar orduko iraupena du eta musu-truk da. Otsailaren 18tik apirilaren 31ra arte egongo da irekita, eta noiznahi sartu eta izena eman daiteke. Izen-ematea irekita dago, apirilaren 31ra arte, hain zuzen ere.