Animaliak adoptatzeko kanpaina abiatu dute Bilbon

Animaliak adoptatzeko kanpaina Bilbon
BILBOKO UDALA
Actualizado: lunes, 26 junio 2017 11:59

BILBO, 26 (EUROPA PRESS)

Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Sailak animaliak adoptatzeko kanpaina jarri du abian. "Maitasuna ez da erosten. Har nazazu zeuretzat" leloarekin, 3.000 esku orri banatuko dira udal zentroetan, zentro publikoetan eta kalean, animalien adopzioari buruzko informazioarekin. Bilbobuseko unitate batzuetan ere ekimenaren irudia jarriko dute.

Yolanda Diez Osasun eta Kontsumo Saileko zinegotzi ordezkariak eta Javier Orduña saileko zuzendariak kanpainaren xehetasunak eman dituzte astelehen honetan, prentsaurrekoan. Animaliei etxea aurkitzeko lanean udalarekin lankidetzan diharduten bi elkarteetako kideak ere izan diar aurkezpenean: Anduriña Palomares APA Puppy Bilbao elkartearen izenean, eta Rocio Alonso Felinos Bilbao elkartearen izenean.

Kanpainaren bidez zifrak leundu nahi direla jakinarazi dute. Izan ere, 2016an 236 txakur eta 190 katu abandonatu edo galdu zituzten euren jabeek, eta orain, norbaitek etxerako noiz hartuko zain daude. Diezek herritarrei eskuzabalak izateko eskatu die. "Gure txakurren eta katuen ongizatearen aurreneko urratsa identifikazioa da. Galdu edo lapurtu ondoren animaliak aurkitzeko modurik eraginkorrena mikrotxipeko identifikazioa da. Gainera, txakurren kasuan, derrigorrezkoa da", azaldu du.

Asko dira urtero Bilboko kale eta espazio publikoetan jabeek abandonatzen dituzten animaliak, eta horregatik ez dituzte ez identifikatzen ez erreklamatzen. Osasun eta Kontsumo Sailak galduta edo abandonatuta hara eta hona kontrolik gabe dabiltzan txakurrak eta katuak Animaliak Kontrolatzeko Udal Zentroan jaso eta zaintzen ditu, Artxandan, jabeek jasotzen dituzten arte edota adopzioan ematen diren arte.

Kanpainaren azken helburua da jendeak animalia horiek etxerako hartzea, eta horretarako lankidetza hitzarmenak sinatuta ditu Bilboko animaliak babesteko bi elkarterekin: APA Puppy Bilbaorekin, txakurrentzat, eta, Felinos Bilbaorekin, katuentzat.

Etxerako har daitezkeen txakurren eta katuen zerrenda bat dago, eta Bilboko Udalarekin lankidetzan diharduten animalien babeserako elkarteen webguneetan argitaratzen da: www.puppybilbao.org eta www.felinosbilbao.org. Hala ere, animalia bat etxerako hartu nahi dutenek harremanetan jarri behar dute elkarte horietako arduradunekin, telefonoz edo posta elektronikoaren bidez. Zalantzarik izanez gero, Animaliak Kontrolatzeko Udal Zentrora ere dei daiteke (944 271 470).