Anjel Lertxundi izango da bihar "Irakurketa txokoa" egitasmoko hurrengo protagonista, Bilbon

Anjel Lertxundi izango da bihar Bilbon
IMANOL OTEGI
Actualizado: miércoles, 27 abril 2011 18:12

BILBO, 27 Abr. (EUROPA PRESS) -

Anjel Lertxundi idazlea oriotarra izango da bihar protagonista "Irakurketa Txokoa" egitasmoaren beste hitzordu batean. Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailak otsailetik urtearen amaiera arte antolatzen du ekimena Foru Liburutegian, Bilbon, hilean behin -gaztelaniaz eta euskaraz, txandaka-. Biharko saioan Inazio Mujika izango da moderatzailea.

Irakurle talde horien bidez, irakurketan interesatuta dauden eta esperientziak, sentsazioak eta pentsamenduak komunikatzeko gogoa duten pertsonak biltzen dira. Idazle eta irakurleen arteko topaleku bilakatu da. Egileek beren azken lana komentatzen dute edo idatzi edo irakurri dituztenen arteko gogokoena, eta entzuleak beren gogoeten partaide egiten dituzte. Oraingoan, Lerxtundik "Eskarmentuaren paperak" liburua aukeratu du, haren gainean hitz egiteko, Bizkaiko Foru Aldunditik azaldu dutenez.

Lertxundik Irakasleen Unibertsitate Eskolako ikasketak eta Filosofia eta Letrak ikasi zituen, Donostian, Erroman eta Valentzian, eta urte batzuetan, irakasle eta kazetari jardun zuen. Haren lehenengo liburu argitaratua "Hunik arrats artean" bilduma izan zen, eta ordutik, eleberriak eta ipuinen bildumak argitaratu ditu. Halaber, artikuluak eta entseguak idatzi ditu, eta gazte eta umeentzako literatura egin du.

Bere lanen artean daude "Goiko kale" (1973), "Aise eman zenidan eskua" (1979), "Hamaseigarrenean, aidanez" (1983), "Carla" (1989), "Lurrak berdinduko nau" (1990), "Kapitain Frakasa" (1991), "Otto Pette", "Piztiaren izena" (1995), "Azkenaz beste" (1996), "Argizariaren egunak" (1998, Euskadi Literatura saria), "Lehorreko koadernoa" (1998), "Zorion perfektua" (2002), "Ihes betea" (2006) eta "Zoaz infernura, laztana" (2008) eleberriak; "Konpainia noblean" (2004) narrazioen liburua; "Gogoa zubi" (1999) eta "Mentura dugun artean" (2001) entseguak, eta "Italia, bizitza hizpide" (2004) kronika liburua.

Datozen hilabeteetan, hainbat lagun izango dira topaketetan, hala nola Francisco Javier Irazoki, Eider Rodriguez, Maria Maizkurrena, Eli Tolaretxipi eta, zikloa bukatzeko, Bernardo Atxaga, azaroan.