Anoushka Shankar sitar-jotzaileak "Traveller" disko berria aurkeztuko du gaur zuzenean Donostian

Actualizado: viernes, 11 noviembre 2011 11:32

DONOSTIA, 11 Nov. (EUROPA PRESS) -

Anoushka Shankar musikari indiarrak "Traveller" izenburuko bere disko berria aurkeztuko du zuzenean gaur, azaroaren 11n, Donostiako Kursaaleko Ganbera aretoan, 20:00etatik aurrera. Flamenkoa eta indiar musika uztartu ditu Shankarrek bere lan berrian, Kursaal Fundazioko iturriek adierazi dutenez.

Aitarekin batera egindako bira batean ezagutu zuen Anoushka Shankarrek Espainia, eta liluratuta gelditu zen flamenkoarekin, besteak beste, Enrique Morenteri esker. Bere ustez, flamenkoaren "sentimendua, emozioa eta pasioa" ohikoak dira indiar musika tradizionalean. Bestalde, orain dela gutxi adierazi du izugarri miresten duela Paco de Lucia gitarrista, eta espainiar musikari handienetako bat dela uste du.

"Traveller" lan berrian, Javier Limón musikari eta ekoizlearen laguntza izan du, eta hari esker, besteak beste, Pepe Habichuela gitarristarekin, Piraña perkusionistarekin eta Sandra Carrasco flamenkoko kantariarekin jardun ahal izan du. Sitar-jotzailearen ustez, aurrerantzean beti egongo da flamenkoari lotuta, nahiz eta ez dakien etorkizunean estilo hori errepikatuko duen.

Anoushka Shankar munduko sitar-jotzaile aipagarrienetako bat da. Aitarekin, Ravi Shankar handiarekin, ikasi zuen tresna hori jotzen, eta harekin batera izen handia lortu du bai interprete gisa bai musikagile gisa. Oso modu emankorrean aztertu du musika klasikoaren eta beste hainbat generoren arteko gurutzaketa, hala nola musika elektronikoa, jazza, flamenkoa eta Ekialdeko musika klasikoa.

Shankarrek 13 urte zituela egin zuen debuta New Delhin, eta urte horretan bertan sartu zen lehen aldiz grabazio-estudio batean "Adarini" jotzeko, aitaren "In Celebration" diskoaren barruan. Orduz geroztik sei disko grabatu ditu, eta artista handiekin batera jardun du, hala nola Eric Clapton, Sting edo Lenny Kravitzekin. Bestalde, bitan izendatu dute Grammy sarietarako, Word Musiceko Artista Garaikide onenaren kategorian.